Imajina dezagun telebista publiko batean, ostiralero eskaintzen den iritzi-saio batean, pertsona beltz batek jasandako eraso bortitzaren inguruan eztabaidatzen ari direla. Imajina dezagun saioko arduradunekzurien nagusitasuna defendatzen duen aditua gonbidatzen dutela, iritzi ezberdinak entzun behar direlako ustean oinarrituta. Ezin imajinatu, ezta? Kode deontologikoaren kontrakoa litzateke arrazismoaren apologia egiten duen pertsona baten aldarrikapena jasotzea, ezta?
Jar dezagun, pertsona beltz horren ordez, emakumea (beltza izan daitekeena), eta jipoiaren ordez, bortxaketa; eta arrazismoa justifikatu ordez, sexu-erasoa kolokan jartzen duena, edo erasoaren erantzukizuna emakumeari berari leporatzen diona, emakumeek ere erasotzen dutela aitzakiatzen duena gonbidatzen dugula, kazetaritza irizpideetan justifikatuta. Onargarria?
Hori da, hain zuzen, ETB2k ostiraletan emititzen duen 360º Tú Decides saioan gertatu zena maiatzaren 11n, Sanferminetako bortxaketaren biktimaren datuak eman ez ezik, bere testigantza kolokan jarri duen Tribuna de Cartagena-ko zuzendariari ere ahotsa eman baitzitzaion; saio berean, emakumeak ere bortxatzaileak direla eta salaketa faltsuen argudioa azaldu zituen abokatu baten azalpena jasan behar izan genuen. Apirilaren 28an, kazetaritza irizpide berberak erabilita, La Manada delakoaren defentsaren abokatuaren testigantza eraman zuten programara, Euskal Herriko kaleetan zegoen aldarriari muzin eginez.
Eztabaida, iritzi-trukea eta analisia omen dira saioaren helburuak, eta ez morboa, ikusgarritasuna eta polemika; eta kazetaritza irizpideen arabera aukeratzen diragonbidatuak, gaurkotasunari begira. Horrela izanda, nola uler daiteke, emakumeak gutxiesten dituztenen iritzia jaso ez ezik, galderarik ez egiteko konpromisoa ere hartzea, hau da, zentsura onartzea? Nola onartu emakumeekiko mespretxua —aurkezlea kazetaria zen zalantzan jartzeaz gainera, berarekiko jarrera paternalista mantendu zuen elkarrizketan zehar— nabarmen agerian jarri zuenari bozgorailua eskaini hedabide publiko batean? EITBk sinatu duen «publizitate eta komunikazio ez-sexistarako kode deontologikoa eta erregulaziokoa» delakoan jasotzen denez, hedabideek honelako konpromisoa hartzen dute: «Baztertu emakumeen aurkako indarkeria motaren bat dakarten argudio, esamolde eta irudiak. Saihestu emakumeen kontrako edozein indarkeria mota dakarren jokabide nahiz jarrerak erabiltzea edo justifikatzea». Eta hori izan zen, hain zuzen, gertatu zena, emakumeekiko indarkeria justifikatzen dutenei ahotsa eman zitzaien, erantzuteko aukerarik gabe, gainera.
ZUZENDARIARI
Zurien nagusitasunaren apologia ETBn?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu