Basque Culinary Center (BCC) berriaren proiektuaren arduradunek Groseko egoitzaren eraikuntzaren ondorioz Manteon desagertuko den landarediari buruz egin dituzten adierazpenek kontzeptuen nahasketa erakusten dute «15 zuhaitz eta 73 zuhaixka» aipatzen dituztenean, eta jarraian, «eraikinaren aztarna berdea ia egungoaren berdina» izango dela esaterakoan. Biologoa eta ingurumen-teknikaria naizen aldetik, honako azalpen hau emateko baimena dudala uste dut: zuhaitzen eta zuhaixken arteko bereizketa ez da zientifikoa, eta ez du inolako garrantzirik aztarna berdeak, ingurumen-eraginak eta antzeko ezer kalkulatzeko orduan.
Azalduko dut: ez dago irizpide tekniko adosturik zuhaitza eta zuhaixka bereizteko, baizik eta espezie bakoitzak heldutasunean lor dezakeen gehieneko garaierarekin erlazionatzen da, nahiko modu lausoan —hau da: altuera jakin bat baino gehiago har dezaketen espezieak, zuhaitzak; azpitik geratzen diren zurezko landareak, zuhaixkak—. Autore batzuek muga bi metrotan jartzen dute, beste batzuek bost metrotan... Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Euskal Herriko zuhaitz eta zuhaixken gida-n (Aizpuru et al., 2010), berariaz jasotzen da zuhaitzen eta zuhaixken artean bereizteko zailtasun hori, eta Manteon ugarienak diren milazken txanda denean, zuhaitz txikia erabiltzen dute. Alderdi Ederren, bestalde, bada milazkei (Kontxako gaizki deituriko tamarindoei) eskainitako informazio-panel bat, non honako hau irakur daitekeen: «Erne ibili behar da arbola aparta hauen berezitasunekin».
Beraz, «zuhaitzen % 80 birlandatuko dira» dioten titular horiei —Manteon Basque Culinary Center berriak okupatu nahi duen partzelan dauden 88 aleetatik (15+73) soilik hamabi kontuan hartuz, besteak zuhaixkatzat hartzeagatik baztertu baitituzte—, buelta eman dakieke eta honela adierazi: «zuhaitzen %86 baino gehiago moztuko dira» (88tik 76, milazkak arbolatzat har daitezkeelako). Efektua ez da berdina.
Edonola ere, ale batek ekosistemen zerbitzu berak eskainiko ditu, ingurumen- eta herritarren osasun-onura berberak, hala zuhaitza nola zuhaixka deitu. Kontua da Manteoko milazka zaharrak bertan dauden zuhaitzak —platanondoak gehienbat— bezain handiak eta enbor lodikoak direla; eta, Nafarroako Etorbideko ezpondan mende erdi baino gehiagoan bizi izan eta gero, adarburu hain hostotsuak garatu dituzte, ezen, nahiz eta eraikin berriaren azalera guzti-guztia alfonbra berdez estali —BCCren proiekturako kontratatutako paisajista ezagunak onartu duenez, eraikineko estalkian 20 zentimetroko lur-geruza batekin landareztatze aukerak mugatuak dira—, honen aztarna berdea nekez izango da gaur egungo parkearenaren parekoa.
Olatuen bidea-n hazi ahal izango diren landaretxoek ezin izango dute inoiz itzala eskaini, oxigenoa sortu, txoriei babeslekua eman, zirkulazioaren zarata moteldu, CO2a finkatu, euri-ura iragazi edo gure begiak naturaz bete, gaur egun Manteon hazten diren zuhaitzek, zuhaixkek, arbolek edo, dei ditzatela nahi duten moduan, landare eder horiek egiten duten bezala.
ZUZENDARIARI
Zuhaitzen %80 birlandatuko dira, ala %86tik gora moztu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu