Irakasle erretiratua

Zortzi

2024ko irailaren 8a
05:00
Entzun

Aspalditik gatoz, bai aspalditik. Eta horrela zortzi izan dira, zortzi, euskaldunok izan ditugun lehendakariak, Euskadik izan dituen lehendakariak hain zuzen. Lehena, Jose Antonio Agirre Euskadiko lehen lehendakaria, mitikoa benetan. Belaunaldi paregabe baten isla zuzena. Nire aita Inosenek miresten zuen (ez da, ez, harritzekoa, nire aita Inosen eta bere bi anaiak bere esanetara aritu ziren gudari gisa Saseta Batailoian faxisten aurka, bat hila beste biak preso urteetan). Aitari askotan entzun nion betaz hitz egiten solemnitatez. Jesus Mari Leizaola «lehendakari zaharra» ondorengoa ezagutzeko aukera izan nuen, Donostiara itzultzean nire gurasoen etxe hurbilera etorri zen azken urteak ematera (Groseko Ramón Maria de Lili kalera hain zuzen), nire ama Xixili komadrona zenez injekzioak jartzen zizkion eta. Hurrengoa Carlos Garaikoetxea izan zen, nafarra, gaztea eta lerdena. Demokraziaren lehen urteak zitzaizkigun. Hil berria den Jose Antonio Ardanza ezagutzeko aukera izan nuen, baita bere seme-alabak ere. Garai haietan ni neu Gipuzkoako Foru Aldundian nenbilen. Juan Jose Ibarretxeren agindutan ibilia izan naiz Eusko Jaurlaritzako bere azken legealdian Nuria López de Güereñu sailburuaren Kabinete Buru gisa, oroitzapen bikainak ditut betaz, zintzoa eta koherentea, abertzale fina eta leiala. Patxi López izan genuen hurrengoa PPren laguntzaz eta ezker abertzalea legez kanpo zegoela aprobetxatuz (hitzak sobran direnean hobe isildu). Iñigo Urkullu lehendakaria ezagutu nuen Cristina Uriarte sailburuaren Kabinete Buru gisa. Gizon apala, sendoa, abertzale eredua, zintzoa, laguna, adiskidea, pertsona ona. Garai oso zailak suertatu baina aurrera egin zuena beti. Miretsi izan dut, miresten dut eta tenore berean jarraituko dut. Eta berak, jakin, ongi daki, alajaina. Orain Imanol Pradales. Ez dut ezagutzen. Munduko zorterik hoberena opa eta desio diot. Katea ez da eten eta jarraituko du sendo eta zindo. Izan ziren eta horregatik gara. Gara, beraz izango dira, jaioko dira kimu berriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.