Lakaxita etxe txiki okupatua da. Sorgindua eta xarmanta, beraz. Duela hemeretzi urte Jaion baliatuz ateari ostikoa eman ziotenek eta geroztik bertatik igaro garenok harri xume bana jarri dugu mundu hobeago baterantz doan bidean. «Zeren aurka zauden baino gehiago, zer egiteko prest» leloa gurea egin dugu hasieratik.
2005eko apirileko larunbat batean musikaz eta alaitasunaz lagundurik etxean sartu zirenek Lakaxita loaldi luze batetik esnarazi zuten. Espazio iluna eta zikina argitu eta garbitu egin zuten gazteek. Inguruko bazterretan zabor kutsagarria aurkitu zuten. Hori ere garbitu ondoren, lorategi ederra agertu zen. Udaberria berriro loratzeari bidea eman zion okupazioak. Eremua txukundu eta edertu egin zen elkarlanean. Baratzea ere agertu zen lanaren poderioz.
Autogestioaren ametsa ekinez gauzatzen da. Hutsik dagoen lekua erortzen utzi ordez, bigarren bizitza ematen zaio auzolanaren bidez. Bilkurak kudeatzen du eremua. Erabakiak era horizontalean hartuz edonor bihur daiteke lekuaren jabe. Sormenak hiriaren kultura aberasten du. Asanblada burujabeak herria ahalduntzen du.
Erabileraren balioa trukearen balioaren gainetik. Kudeaketa zuzena demokrazia ordezkatzaileen ordez. Kolektiboaren magia feminista norberekoikeriaren lekuan. Pertsonak eta beste izakiak zainduz bioaniztasunarekin bat eginez, iraultza hizki larriez baino gehiago maitasun keinu txikiez idazten dugu Lakaxitan.
Ederra bidea eta oparoa emaitza. Sortuko den eskaintza kulturala (musika, antzerkia, hitzaldiak, tailerrak, egitasmo koperatiboen sorrera, migrantei harrera…) Irungo hiritar guztien gozamenerako izango da. Muxu truk. Okupazioaren bitartez ondasun komunitarioa itzultzen zaio herriari.
Lakaxitatik jaurtitako txinparta inguruko eremuetara zabalduko balitz Irun hiri koloretsuagoa izango litzatekeelakoan gaude. Tamalez, Irungo Udalak ez du aintzat hartzen Lakaxitaren eredua. Hirigintza planean Lakaxita eta inguruko eremu berde zabala, Irun erdian dagoen bakarra, etxez eta porlanez estali nahi dute.
Bertan bizi diren aranondoak, sagarrondoak, gereziondoak, limoiondoak, udareondo, intxaurrondo, gaztainondo, hurritz eta lizarrak besteren artean, belarrak, sastrakak, xomorroak, txoriak, narrastiak, ugaztunak… usainak, formak, koloreak, egunsentiak eta ilunabarrak, dena zementorio bilakatu nahi dute. Zentzumenak eta adimena pizten dituzten bazterrak espetxe sentsorial bilakatu nahi dituzte. Etxebizitzak behar direlako. Hutsik daudenak eta erortzen uzten direnak, baserriak barne, birgaitu eta erabilgarri jarri beharrean.
Lakaxitak eta inguruak osatzen duten berdegune aberatsa Irungo hiritarren gozamenerako izan dadin galdegiten dugu. Hesiturak kenduz eta Lakaxitaren ereduari jarraituz, herritarren esku utzi eta enpresa eraikitzaileen usurpaziotik libratu. Paisaian memoria dagoelako marraztua. Berdeguneak eta arnasguneak ere guztion bizileku direlako. Bat egin dezagun emakumeak nagusiak izan ziren lur amankomunen aldeko borroka historikoarekin.