Zuzendariari

Zokoako AEK-ko andereñoari, mila esker

Iñigo de la Fuente.
Irun.
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Lehengo larunbatean gertatu zen. Txirrinda hartu eta kilometro batzuk egiteko asmoarekin irten naiz etxetik: Irundik atera, Lapurdin zehar itzulia eta berriz Irunera. Dantxarineraino iritsi naiz, buelta eman eta etxe aldera. Azkaine parean semaforo gorrian. Alde guztietara begiratu dut, eta autorik ez. Aurrera. Handik 200 metrora jendarmeak zain... Legearen zaindariak... Esan didate 90 euro ordaindu behar ditudala hantxe bertan edo txirrinda inmobilizatuko didatela. Nik aldean, ez 90 euroak, ez kreditu txartelik... Beraz, kendu didate txirrinda, eta han utzi naute errepide bazterrean. Kasualitatez, inguruan, amatxi, alaba eta biloba daude, eta dena ikusi dute. Ni, haserrealdia ezin baretuz, txirrindulari zapatak kendu eta zer egin oso ondo jakin gabe oinez abiatu naiz. 500 bat metrora hara non amatxi, alaba eta bilobak aurkitzen ditudan errepide ondoan geldirik, bilobari bazkaltzeko ematen eta... nire zain? «Egunon» amatxik, «berdin» nik. Donibanera doazela eta hurbilduko nautela... Nola eskertu ez dakidala, Donibanera iritsi gara. Han alaba eta biloba parkean utzi, eta, bat-batean, amatxik gasoila bota behar zuela eta Behobiara hurbilduko nauela... etxe atariraino ekarri nau!!! Ordu erdiko bidaian hainbat gauzaz mintzatu gara... Bera Zokoakoa zela, eta AEK-ko andereño izandakoa... Donibaneko Euskara eta euskal kultura bultzatzeko talde batean dabilela, eta nik izenaz galdetu ez... Alabari, Pantxika deitu ziola uste dut... Gutun honen bidez eskertu nahi nion berriz egindakoa. Mila, mila esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.