ZUZENDARIARI

Zizur Nagusiko Udalak profil elebiduna jartzea legearen barruan dago

2023ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Zizur Nagusiko Udalaren plantilla organikoan obretako langileen bederatzi lanpostu daude. Horietako batek profil elebiduna du: gaztelaniaz ez ezik, euskaraz ere jakin behar da. Horren kontrako errekurtsoa aurkeztu du herritar batek, esanez legearen kontrakoa dela. Horren aurrean, udalak bere plantilla organikoa defendatu du, eta Zizur Nagusiko herritar euskaldun batek eskatu du helegite hori bazter dadila, urratzen duelako Administrazioarekin euskara erabiltzeko duen eskubidea, eta, besteak beste, errekurtso horrek kontra egiten diolako Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunari.

18/1986 Foru Legea oso argia da gai honetan. Hauxe dio 17. artikuluak, eremu mistoari dagokionez: «Administrazioek honako hau egin dezakete: a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea; b) gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea».

Bestalde, Zizur Nagusian %30,2 da elebiduna edo elebidun pasiboa, eta, nahiz eta lanpostua ez den herritarrei arreta emateko postu bat, lana gauzatzen da, besteak beste, kalean, Olentzeroren eta erregeen ospakizunetan, San Joan bezperako suetan, ikastetxeetan, kultura etxean, gaztetxean, eta, bistan da, badu harremana jendearekin.

Gainera, Zizur Nagusiko Udalak eskubidea du euskara bultzatzeko eta herritarrendako zirkuitu elebidunak sortzeko.

Beraz, hauxe erabaki du NafarroakoAdministrazio Auzitegiak:

1.- Hizkuntza profil hori legala da. Udalak bere eskumena erabili du; legeak ematen dion eskumena.

2.- Lanpostu horrek badu harremana jendearekin, ahozko harremana besterik ez bada ere. Obretako lanpostu bakarra da profil hori duena; hortaz, proportzionaltasunik eza alegatzerik ez dago. Euskararen Legeak eta bertako Euskararen Ordenantzak babesten dute udalaren erabakia.

Interpretazio murriztailea (batzuetan berak ere erabilitakoa) baztertu egin du Nafarroako Administrazio Auzitegiak auzi honetan. Legeari askoz gehiago lotutako interpretazioa da, eta horrek arnasa emanen digu herritar euskaldunoi Administrazioarekin euskaraz egiteko, eta baita eremu mistoko udalei ere, eskubide hori bermatzeko erabakiak hartzerakoan (azkenaldian eraso judizial asko jasan dituzte udalek ahalmen hori erabiltzean). Ebazpen honetan jurisprudentzia oparoa aipatzen da, udalek eta euskararen aldeko elkarteek kontuan hartzeko modukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.