Gracia auzoak 2020tik ixten dizkio ateak kotxeari asteburuetan Bartzelonan. Mexiko Hiriko Reforma etorbidea aspalditik ixten dute igandero (hiri honetan dendak egunero irekitzen dira). Lehenengoan, Obrim Carrers egitasmoa da arduraduna, eta Gran de Graciakale ezaguna ixten dute. Plan polita da Bartzelonako gaur egungo kaos turistiko neoliberalean halako arnasgune batean oinez edo bizikletan ibiltzea. Bigarrenean, Muévete en Bici delako egitasmo publikoa da arduraduna. 2007an hasi zen, eta hazten joan den ekimen bat da. Reforma etorbidea ixteaz gain, beste kale eta etorbide batzuk ere ixten dira orain: ia 50 kilometro denera. Bietan, gainera, bizikleta publikoak daude eskura (Mexiko Hirian Ecobici eta Bartzelonan Bicing).
Euskal Herrian baditugu kasu batzuk baita ere. Tolosakoa adibide bat da: udalak proba bat egin zuen Europako Mugikortasun Astean, eta asteburu batez erdiguneko kale garrantzitsuenetako batzuk itxi ziren. Arrakastatsua izan zen. Egia da, horrelako iniziatiba bat kezka izan daiteke kotxera hain ohituta dagoen gizarte batentzat. Baina, zer gertatzen da ondorio negatibo batzuk pairatzera ohituta dauden oinezkoekin? Kutsadurarik gabeko herri bat nahi dutenekin enpatia ekologikoa ere behar dugu.
Kaleak oinezko eta bizikleta erabiltzaileei erabat irekitzeko bi gako, pedagogia soziala eta baliabide publiko burujabeak izan daitezke. Lehenengo, pedagogia. Kataluniara, Mexikora eta atzerrira bidaiatzea modan jarri den garai honetan, guztiok gatoz bueltan gure argazki eta anekdotekin. Duela urte batzuk, familia bidaia egin genuen Herbehereetara. Eta, anekdotak anekdota, bat gogoan geratu zitzaigun etxekoei: bizikleten indarra hango gizartean eta kulturan. Pedagogia behar dugu. Hor baditugu tresnak pedagogia nazional ekologikoa egiteko: gobernuan, kulturan, edo partaidetza herritarrean.
Baliabideak ere behar dira kaleak kotxeei ixteko gaitasuna edukitzeko. Hor, subiranotasuna izan daiteke ardatz on bat. Esan dezagun, adibidez, herriz herri mugitu nahi dugula asteburuan, eta oinezkoei irekitako zona babestu batetara iritsi. Horretarako behar ditugu baliabide nazionalak. Mexiko Hiriko eta Bartzelonako esperientziak gurera ekarriz, bizikleta publiko nazional baten zerbitzua izan daiteke soluzio bat herriz herri edo auzoz auzo mugitzeko. Imajinatu, bizikleta publikoen zerbitzu berbera izatea eskuragarri Iruñean edo Bilbon. Imajinatu, Zegamatik Idiazabalera bizikleta publiko horretan joateko aukera izatea. Edota Tolosak egindako proban bizikleta hauek erabiltzeko aukera izana.
Egia da, planteamendu honek ere baditu bere erronkak, nazio aldapatsu bat baikara. Geografikoki, eta metaforikoki. Hala ere, positiboagoa izan daiteke gure baliabideak zerbitzu publiko osasungarriak sustatzea bideratzea eta ez eguneko 553.000 petrolio upel produzitzen dituen Repsol bezalako enpresa baten emaitzak betetzera bideratzea. Testu honetan aipatutako kasuei helduz (Bartzelonako Obrim Carrers, Mexiko Hiriko Muévete en Bici, eta Tolosakoa bera), nire hipotesia da hauek gertatzeko gobernu, herritar eta beste aktore batzuen kolaborazioa izan dela. Ekintza kolektibo, gobernantza kolaboratibo, eta parte-hartze herritarraren emaitza direla, besteak beste (emandako hamaika borroka ekologistak ahaztu gabe). Aldiz, gerta daiteke horrelako ekimenei ahultasunak aurkitu, eta hauek plazaratzea. Ez al litzake interesgarria izango oinezkoei ateak ireki eta ekimen kolaboratibo honetan parte hartzea? Bakoitzak erabaki behar du, orain, ekimen hauen alde pragmatismo eraldatzaile bati irekiko ote dizkion ateak eta kaleak, edo horren kontra ezezko posizio batean itxiko den. Zirt edo zart egiteko unea da.