Zuzendariari

Zintzotasun eta gardentasun falta, nork?

Legazpi.
2013ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Legazpiko udal-gobernuak atez ateko zabor bilketaren eredua aukeratu zuenean, PNV, PSOE-EE eta Hamaikabat kontra jarri ziren berehala. Ondoren, plataforma bat sortu zuten, zaborra biltzeko bosgarren ontziaren erabilera bultzatzeko.

Batzuen eta besteen jarrerak jakinak dira. Udal-gobernuak atez atekoa zertan oinarritzen den jakinarazteko deialdiak egin ditu. Atez atekoaren kontrako plataformak bere iritzia emateaz gain, udal-gobernutik datorren edozein iniziatibari boikota egiteko eskatu du.

Hondakinak kudeatzeko proposatzen diren bi ereduen defentsak gatazka ekarri du. Sortutako liskarra konpondu nahi bada, zer egin behar da? Konpondu nahi duenak bestearena kontuan hartuz aldaketak egiten ditu; konpondu nahi ez duenak, aldiz, berean jarraitzen du. Udal-gobernua mugitu egin da, bi sentsibilitateak uztartuz bi sistema batera erabiltzea erabaki baitu. Plataformak, berriz, zer egin du? Bere eskutik ez datorrena baztertu. Udal-gobernuak etxeetara bidali berri du galdetegia, non galdetu duen bakoitzak ze eredu nahi duen, ez erantzuteko gomendioa zabaldu du, udal-gobernuaren garbitasuna kolokan jarriz.

Informazioa zabaltzeko bileretara ez joateko eta besteekin elkarlanean ez aritzeko eskatzen ari den kolektiboak zer zilegitasun dauka udal-gobernuari zintzotasun falta eta herriarekiko gardentasun falta leporatzeko? Nor ari da berea inposatu nahian? Atez atekoaren eredutik eredu mistora pasa dena ala bosgarren edukiontziaren eredutik mugitu nahi ez duena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.