Iruñerriko Kontseilu Sozialistako kidea

Zertarako behar dugu Desokupa, Ibarrola baldin badugu alkate?

Imanol Kañamares Mugerza
2023ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

Esan ohi da legea armiarma-sarea bezalakoa dela. Intsektu txikia harrapatuta gelditzen da, baina handiak aise suntsitzen du. Zertarako behar dugu Desokupa, Ibarrola badugu alkate?

Kalitatezko etxebizitza-alternatibarik ez zutela-eta, familia eta norbanako batzuk Iruñeko Jarauta kaleko pisu huts batzuetara sartu ziren, eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin jarri ziren harremanetan haiek atontzeko eta defendatzeko. Egun batzuk bertan bizitzen eman ostean, publiko egin zen egoera, eta auzolanerako deia luzatu zitzaion jendeari.

«Ez dut nire lanpostua kolokan jarriko zuek legez kanpo etxegabetzen», zioen udaltzain batek, zinikoki. Soluzioa zein izan den? Bost eguneko setioa. Ez diote inori blokera sartzen utzi, oztopoak jarri dituzte bizikideei janaria eta sendagaiak emateko, eta talde mafiosoen gisan zain egon dira jende hori etxetik noiz aterako. Familien sufrimendu latzak zein elkartasun antolatuak irudi gogoangarriak utzi dituzte. Azkenean, setioari eutsi dioten kideak ere epailearen agindupean hustu dituzte, bost eguneko borrokari amaiera emanez.

Badakigu Udalak eta Poliziak edozein lege urra dezaketela inpunitatez, halaxe egin dute; baina elkartasun antolatuaz erantzun dugu, eta guztiona den hori defendatu. Ezin dugu onartu Nafarroan 50.000 etxe hutsik egotea, eta, aldi berean, jendea kale gorrian bizitzea. Sala ditzagun setioa eta Udalaren legez kanpoko etxegabetzea eta aldarrika ditzagun guztiontzako etxebizitza doakoa eta kalitatezkoa. Jarautako Etxebizitza Bloke Sozialista hustu dute, baina bloke berriak etorriko dira, ez egin zalantzarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.