Orain dela egun batzuk hainbat egunkaritan argitaratu zen Espainiako Justizia Ministerioak «Elizak bere izenean jarritako ondasunen zerrenda jakinaraziko» duela. Sozialistak gobernuan egon diren 21 urteetan, Elizak nahi duen guztia immatrikulatu du inolako arazorik gabe, baina pozten gaitu PSOE azkenean alderdi laiko bat dela konturatzeak, eta bai Espainiako Parlamentuak, bai Eusko Legebiltzarrak, bai bestelako jende eta erakundeek askotan eskatu dugun zerrenda denon eskura jarriko duela jakiteak. Baina beti bezala baditugu «baina» pare bat.
Alde batetik, Justizia Ministerioak ez dauka zerrenda egina, orain hasiko da egiten; eta orain Elizak jakinarazi digu «ez duela bere ondasunen zerrenda eginda», beti pentsatu izan dugu Elizak bere papera eta dokumentu guztiak txukun-txukun jasotzen dituela, baina oker geundela dirudi. Gu guztiok gure etxetxoaren paperak hain ondo jasotzen ditugu eta Elizak, aldiz, nolanahi edukitzen omen ditu. Hau atarramentua. Beraz, Justizia Ministerioa orain hasiko da informazioa jasotzen, antolatzen eta, egunen batean, auskalo noiz, argitaratuko ditu... gobernu aldaketarik ez badago.
Bestalde, ministerioak ez du zerrenda osoa argitaratuko, baizik eta soilik 1998 geroztik immatrikulatutakoak, hau da, zati txiki bat. Zehazki, guk dakigunez, Elizak gutxienez 503 ondare ditu bere izenean jarriak (uste dugu gehiago direla) eta horietatik 437 ( %86,8) dira data horren aurretik immatrikulatuak. Adibidez, Gipuzkoan 380tik hamarrean geratuko gara.
Laikotasuna. Colectivo por la laicidad eta Plataforma Vasca contra las Inmatriculaciones elkartetik gobernuari, Justizia Ministerioari, dagokionari, zerrenda osoak argitaratzeko eskatzen diogu, datak muga izan barik. Franco eta 1946. urtea aipatzen dira arazo guztiaren hasieraz, baina 1920an Gasteizko apezpikutzaren izenean jarri zen «landa eremua Koartangoko herrian». Gotzain jaunak egindako sinestamendu batean jartzen zuen «posesión pacífica desde tiempo inmemorial» izanik izendapenerako froga bakarra. Uste osoan gaude ez zela bakarra izan; beraz, berriro diogu: zerrenda oso-osorik nahi dugu! Eta aspalditik hasita.
Amaitzeko datu xelebre bat. Batzuek, agian, uste dute Elizarentzat Kordobako meskita 30 eurotan bereganatzea merkea izan zela. Jakin ezazue Bilboko gotzaintzak Oleaga auzoko 2.871 metro karratuko lur eremu bat bereganatzeko 3,64 euro ordaindu behar izan zituela!
ZUZENDARIARI
Zerrenda oso-osorik nahi dugu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu