ZUZENDARIARI

Zergatik ez nintzen joan botoa ematera

Abaltzisketa.
2017ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Abaltzisketan egiten zitzaigun galderak, «Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?», ez du zentzurik niretzat. Ez dut ezer «euskal estatu» baten aurka, eta ez beste inongo estaturen kontra ere, pertsonen eskubideak babesten baditu, bai barruan eta bai bere mugetatik at, eta desberdintasunak eta pribilegioak gutxitzeko lana egiten badu, behar bezala; hots, mamia interesatzen zait gehiena, eta, hortaz, ez du ezer esaten. Etor litekeenaren ideia bat izan ahal izateko, nire inguruan dagoena arretaz begiratzen dut, eta panorama ez da onegia.

Idazten dut Abaltzisketako baserri batetik; egun, erretiratuta, pentsio txiki batekin. Baserrian lantzen genuen dibertsifikatutako jarduera ekologikoa (fruta-arbolak, marmeladak, abereak, nekazaritza-turismoa, eta abar) jada, euskal nekazaritza-politikek itxi ziguten; diru-laguntza kendu, 65 urte betetzeagatik. Nekazaritza-sektorean badaude adin horren ondoren kobratzen jarraitzen duten ustiapenak, baina ez nekazaritza ekologikoa egiten badute, legearen arabera. Garai hartan, Diputazioa Bilduren (ezker abertzale eta gehiago) esku zegoen. Baita ere, bururatu zitzaien baserriko ekoizpena baserrian bertan eraldatzen genuen baserri txikiei egoera fiskala gauetik goizera aldatu, baserritik industriara pasatu, eta atzeratutako zergak eta errekarguak eskatzea. Berriz, baserri txiki eta ekologikoen aurka ezkerraren eskutik. Halaber, baserri inguruan zerbitzu publikoak oso urriak dira eta ustiapenerako sarbideak egoera txarrean daude. Batzuetan ere, Udalak baimentzen ditu kaltegarriak diren jokaera ilegalak: «Ados ez bazaude, ondoko herrian pisuak saltzen dituzte», arrazoituz.

Baserri ekologikoek pairatzen duten bereizkeria, euskal instituzioek onartzen dituzten legez kontrako ekintzak edo lege zaharrak baina interpretatzeko modu berriak, boterean dagoenari komeni zaion arabera. Ez dira inoiz agertzen albisteetan, gutxiengoei soilik eragiten dietelako. Joko horretan, alderdi politiko guztiek parte hartzen dute. Pribilegioak, interes partikularrak, burokrazia, jauntxokeria, mota guztietako eliteak eta garbitasunik eza oztopoak dira gizarte berdintsuagoa lortzeko. Ez dut ikusten, oraintxe, euskal estatuaren sorrerak ezer aldatuko lukeenik. Inork ez ditu galdu nahi dituen pribilegioak beste gizarte justuago bat eraikitzeko. Horregatik ez nintzen joan boto ematera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.