ZUZENDARIARI

Zeraingo Udalerako zerrenda bakarra

Aitor Ugalde Aroztegi.
2023ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Zeraingo herrian dagoen elkarbizitza arazoaz idatzi zuen Elixabete Garmendiak ekainaren 8an BERRIAn argitaratutako Esplikazioen zain izeneko iritzi artikuluan. Laburbilduz, Zerainen herritarren bi multzo nabarmen daude elkar ikusi ezin dutenak, eta giro txar hori herriko arlo guztietara kutsatzen da.

Bereziki, udal hauteskundeetara. Urteetan herritarren artean aukeraketa egin eta udal hauteskundeetara zerrenda bakarra aurkeztu ondoren, 2015ean herritar talde batek EH Bilduren izenean zerrenda bat aurkeztu zuen Herri Kandidatura deitutako herritarren zerrenda aukeratuta zegoenean. Orduan giroa asko gaiztotu zen eta gaur egun ere horrela jarraitzen du.

Elixabetek dio bere iritzian EH Bildukoen ingurukoek aztertu behar dutela 2015etik izan duten jokabideak zer eragin izan duen gaur egungo egoeran. Nik gaineratuko nioke, Herri Kandidaturakoek ere aztertu beharko dutela ordutik izan duten jarrerak zenbaterainoko eragina duen.

Zerainen denak ados daude arazo hau karga handia dela herriarentzat eta bideratu beharra dagoela. Eneko Arzelus eta Oihane Lazkanoiturburu gazteak ekimena hartu eta aurtengo hauteskundeetan zerrenda bakarra osatzen ahalegindu dira. Ez dute lortu, bi zerrenda aurkeztu dira hauteskundeetara. Bi aldeen artean dagoen zauria ikusita, bi zerrenda aurkeztea ez zait modu txarra iruditzen udal agintariak aukeratzeko. Orain bai osatu dela zerrenda bakarra: herritarren %92ko parte-hartzearekin bi hautagaitzen artean aukeratutakoekin osatu den korporazioa.

Iruditzen zait herritarrei ez zaiela hainbeste inporta zinegotziak honen edo haren izenean aurkeztu diren, baizik eta norabide berean indar egitea. Pentsatu nahi dut udalera sartu direnek euren jardunean kontuan izango dutela Eneko eta Oihane gazteek sinatutako agirian azaltzen den egoeraren gordintasuna eta, desadostasunak izango dituzten arren (hautagaitza bakarrarekin ere egongo ziren), ezintasunaren lokatzetan trabatu gabe jardungo dutela. Ez dut uste orain esplikazioak eskatu behar direnik, baizik eta ikuspegi desberdina daukaten taldeen artean elkarbizitza jasangarria norabide berean eramaten ikasi.

Ni ez naiz Zerainen bizi, horregatik ez dagokidan lekuan sartu izanaren sentsazioarekin idatzi dut, baina bizitza osoa daramat Zeraini lotuta, eta nire iritzia eman nahi izan dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.