Ndank Ndank elkartea

Zer izen du beltz euskaldun bati bizkarra emateak?

Mamadou Sarr Diame
2024ko urriaren 2a
05:00
Entzun

Senegaldar eta euskaldunen arteko kulturartekotasun eta lankidetza lantzen duen Ndank Ndank elkartetik idazten dugu, Zer izen du komikiak sorrarazi dizkigun hausnarketak partekatzeko.

Hasteko, dudarik gabe, eskubide urraketa guztiei ahotsa eman behar zaie, baina aldarrikapena egiteko moduak deserosotasuna eragin du gugan.

Komikian erabilitako pertsona beltzaren errepresentazioa urteetan kolektibo honi burla egiteko eta estereotipoak indartzeko erabili denaren parekoa da (Blackface). Kolektibo antiarrazistek irudi horien desagerpena aldarrikatzen dihardute aspalditik.

Bestetik, arrazakeria eta xenofobia erabili ditu egileak. Zergatik aukeratu ditu bi horiek eta ez matxismoa, homofobia edo aniztasun funtzionala duten pertsonekiko diskriminazioa, adibidez? Zapalkuntzak ez dira konparagarriak, are gutxiago zeharkatzen ez gaituenean. Gainera, konparaketa hori egitean beltzak/kanpotarrak/euskaldunak kontrajartzeko aukera jarri du mahai gainean, euskaldunak lehenetsiz.

Akaso, Anduezak lanbide publikoan euskara eskakizunaren bueltan eginiko adierazpenei erantzun gisa sortu du komiki hori (ondoren sare sozialetan izan duen oihartzunak hala iradoki digu). Etorkinen kolektiboak sistema oso baten bazterketa pairatzen du. Badakizue, adibide bat ipintzeagatik, pertsona etorkinek lanbide publiko batera sarbidea izateko dituzten zailtasunak? Denbora luzez era irregularrean bizi ostean, zortez egoera erregulatzea lortzen badute ere (ohikoena, denbora baterako lan baimena), Europako Batasuneko naziotasuna izatearen baldintza bete behar dute plaza betetzeko aukera izateko (salbuespenak salbuespen). Gainera, beraien jatorrizko herriko ikasketen homologazioa lortzeko zailtasunarekin ere aurkitzen dira... Zerrenda luze bat egin ahalko genuke pertsona etorkinek, zuritasun supremazia nagusi den gure gizarte honetan, egunero bizi dituzten diskriminazio egoerekin.

Diskurtso arrazistak indarra hartzen ari diren garai honetan halako komikiak ez dira oso lagungarriak. Seguru gaude egileak ez duela asmo horrekin egin, baina oso zaurgarriak diren eta gizarte babes txikia duten bi kolektibo erabili izanak hainbat ideia arriskutsu elikatu ditzakeela adierazteko idatzi ditugu lerro hauek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.