Gasteizko Udalak duela lau urte jarri zuen plaka bat Olarizun. Lehenengo bi urteetan, arazorik gabe irakur zitezkeen bi aldeak. Udal artxiboan eta komunikabideetan biak agertzen ziren. Aurten goiko aldea marratuta agertu da, irakurtezin.
Plakaren edukiak bi zati ditu.
Goiko aldean honela zioen: «Frankismoa giza eskubide guztiak sistematikoki urratu zituen diktadura izan zen. 1936tik 1978ra bitartean, ideologia desberdineko ehunka gasteiztar politikoki jazarriak izan ziren eta errepresioa jasan zuten erregimen horren aurka egiteagatik. Urte horien artean, hierarkia katolikoak 1936ko uztailaren 18an Bigarren Errepublikaren aurkako estatu-kolpearen ondoren armek ezarritako diktadura frankista babestu zuen».
Beheko aldean dio: «Gurutze hau 1951ko azaroaren 14tik 18ra Gasteizen egin zen Misio Santua oroitzeko eraiki zen. Herri harpidetza bidez ordaindu zen eta monumentu erlijioso gisa bakarrik sortu zen. Hala ere, diktadura frankistako agintariek ikur politiko bihurtzera behartu zuten, oinarrian alderdi errepublikarrak hildako apaiz arabarren izenak sartu baitzituzten. Gurutze horren sustatzaileen desadostasunaren ondorioz, ez zen ez inauguratu, ez bedeinkatu».
Aurten, hainbat hilabetetan, edozein komunikabide kontsultatzean, udalaren webgunera bidaltzen zintuzten, eta bertan plakaren beheko aldea bakarrik agertzen zen. Une honetan, edozein bitarteko kontsultatzean, bi aldeetako bat ere agertzen ez den udaleko orri ofizialera bidaltzen zaituzte. Plaka desagertu egin da, bai udalaren orritik, bai eta hedabideetatik ere.
Plakan, beheko alde irakurterrazari jarraitzen zaio, eta hor agertzen dira Urtaran alkatea Olarizuko gurutzearen gainean erabiltzen ari den gezur guztiak.
ZUZENDARIARI
Zer gertatzen da Gasteizko Udalak Olarizun jarritako plakarekin?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu