ZUZENDARIARI

Zer da gazte izatea?

Mikel Herce
Bilbo
2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun

Azken urtean kritika guztien erdiguneak izan dira gazteak; gehienbat, koronabirusak sortutako murrizketen ondorioz. Baina zer da gaztea izatea? 18 urtetik beherakoa izatea? Gehienez 35 urte dituztenak? Gazte-txartela oraindik indarrean dutenak?

Gaztea izatea, ikasketak burutu eta gero, ikasten jarraitu behar izatea da; «egoerak eskatzen duelako» edo, antza, «gutxiegi dakizulako». Gaztea izatea, enpresetan beste langileek adina lan egitea eta praktiketan egotea da. Zortea izatekotan, agian, bekaduna izan ahal zara; baina, noski, horretarako zorte handiko pertsona izan behar zara. Prekaritatea ere pil-pilean bizi den egoera da, dena esperientzia gutxi izateagatik. Nola ez dute ba izango esperientzia gutxi, ez badituzte kontratatzen?

Gaztea izatea langabezia tasa altuenean bizitzea da; gainera, askotan haien lana eta lanbideak gutxiesten dira. Lan tradizionaletik gehien aldentzen direnak dira, gehienbat kritika handienak jasotzen dituztenak, eta «hori egiteagatik hainbeste ordaintzen dizute?» bezalako esamesak ere entzun behar dituzte. Gaztea izatea da lan batetik bestera saltoka ibiltzea, eta elkarrizketa betetik bestera. Nola ez dute ba gehiago luzatuko etxetik joateko asmoa dirurik ez badute?

Gaztea izatea mundua aldatzeko prest egotea da, aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzea, gizarte feminista eta LGTBIQ+ bateko alde egitea, arrazakeriarekin akabatu nahi izatea... Hala ere, askotan ezin dute ezer esan iritzi misoginoen aurka, «broma bat da, lasai egon» aitzakia erabili eta begirada txar bat botatzen dute. Nola ez dira ba aldarrikatzeaz nekatuko behin eta berriz erantzun onik jasotzen ez badute? Gaztea izatea, pandemia garaian, arduragabeak izatea da; nahiz eta, lagunekin aspalditik egon gabe, etxetik gutxi irten gabe eta ezer ez egin gabe egon. Asko arduraz jokatzen ari dira aspalditik, eta bizpahiru «gazterengatik», guztiok ordaindu behar. Gutxi balitz bezala, COVID-19 pandemiaren kutsatzea ere gazteen errua izan dira; noski, klasera edo lanera joatean ez direlako garraio publiko bete batean joaten. Nola ez dute ba arraro ikusiko lau lagun baino gehiago ezin egon eta gero autobusean mukuru beteta egotea?

Erantzuna? Gazteak direlako eta ohituta daudelako halako guztia, eta askoz gehiago, entzutera eta jasan behar izatera, nekatuta egon arren; beraz, bai, gaur 24 urte dituen egile hau ere gaztea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.