Alde batera utziz gaurkoz argindarraren prezioaren igoera, gutxitan nabarmentzen den zerbait azpimarratu nahiko nuke. Argindarraren faktura handitu zaigu, nahiz eta ezarri dizkiguten ordutegi merkeetara egokitzen ahalegina egin. Gure elkarrizketa-gaia da igoera hori, baina dirutan izan dugun igoera baino garrantzizkoagoa dirudit kilowattetan izan dugun gorabeheran arreta jartzea.
Hitz gutxitan esateko, kontsumoa da gutxitu behar duguna, garesti ala merke egon. Sistema kapitalista kontsumoan oinarritzen da, eta gero eta gehiago kontsumitzera bultzatzen gaitu, baina badakigu gaurko kontsumoari ezin izango diogula eutsi; Euskal Herriko kontsumo-mailari eusteko, 2,6 planeta beharko genituzke.
Ezin gara alderdi politikoen zain egon, murrizketak proposatzeko beldur baitira, botoak galduko dituzten beldur. Behetik gorako ekimenei heldu beharko zaie. Ez dago bat-batean Erdi Aroko egoerara joan beharrik, nahikoa da, adibidez, hilean kilowatt bat edo beste gutxiago kontsumitzea, Euskal Herriak milioika kilowatten beharrik ez izateko. Norberaren esku dago.
Argindarraren kasuan bezala, beti dago gure esku (behar larrian daudenak salbu) hilean gasa, gasolioa, ura, janari-edariak, arropa… apur bat gutxiago gastatzea.
Balio sozialen aldaketa sortu behar da eta, adibidez, norbaitek harrotasunez aipatzen badu hil honetan aurrekoan baino hamar litro gasolio gutxiago gastatu duela, lagunaren galdera ez dadila izan ea diru-beharrean dabiltzan, gaur galdetzen dugun bezala, baizik eta izan bedi «zuek bai zaretela artistak, ea nik ere lortzen dudan».
ZUZENDARIARI
Zenbat kontsumitu da gakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu