ZUZENDARIARI

Zein ibili dira Putinen abaroan gure inguruan?

Donostia.
2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Ezkerreko eragile askori, Sobietar Batasunaren nostalgiak jota-edo, Vladimir Putin behar bezain estu eta gogor hartu ez izana leporatu diote, Errusiako presidenteak Ukrainaren inbasioa abiatu duenetik batez ere. Eta izango da halakorik ere eguzkiaren azpian, nahiz eta Putinek berak SESBeko agintari nagusien kontra oso gogor hitz egin duen Ukrainaren ingurumarian, eta agintari errusiarrak ezkerretik Santiago Abascalek (Vox) edo Marine Le Penek (Bilgune Nazionala) baino gehiago ez duen arren.

Gerrari ez leloa aldarritzat hartu, eta Ukraina armatzeko erabakiari baina batzuk bai jarri izan zaizkio ezkerreko hainbat eremutatik, eta azken egun hauetan gertatu denak sustrai sakonagoak dituela nabarmendu izan da. 2014-2015 hortxe dugu, Errusiak Krimea bereganatu eta Luhansk eta Donetskeko herri errepublikak babestu zituenean, Kiev hiriburuan (batez ere) sukar europarzalea faxismoaren erroetan jauzi zenean, Euromaidan gora eta behera, plaza sutan. Eta gero Espainiako Kongresua modu baketsuan inguratu nahia salatuko dute, asalto hura txalotu zutenek.

Ez da hain urruna 1954. urtea ere, Nikita Krustxevek Krimea Ukrainari oparitu zionekoa, Errusiaren menpekoa zen eremua SESBeko beste errepublika horren esku utziz. Eta nola ahaztu Joseph Stalinen kolektibizazioak eragindako gosete handia, Holodomor, 1932tik 19934ra Ukrainan-eta 10 milioi heriotza inguru eragin zituena?

Hurbilago etorrita baina, Putinek Ukraina inbaditzea erabaki bezperara, zein ageri ziren Putinen ondoan gure inguru hauetan? Bada, Espainian nabarmen Vox, eta Frantzian Bilgune Nazionala. Europako Legebiltzarrak argitaratuta dauka Europako Batasuneko alderdi ultraeskuindarrek Errusiatiko finantzazioa jaso dutela azaltzen duen txostena, eta Le Penen presidentetzarako kanpainak Errusiako presidentearen argazkia zeramaten milioi bat liburuxka deuseztatzea erabaki berri du.

Baina hedabide nagusietan ultraeskuina zuritu egin nahi dute, eta halako aipamenak, gutxi. Ezkerraren kontrako hitz erdiak eta espekulazioak, horiek bai, ugari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.