Apirilaren 1eko BERRIAn Ekialdeko euskararen printzak artikulu guztiz interesgarria irakurri nuen. Zorionak Iker Tubia kazetariari, egindako lan txukunagatik. Iñigo Auzmendi zaraitzueradun hiztun gaztearen baieztapen batek arreta piztu zidan: «Zaraitzuko euskara ez zait iruditzen hain desberdina denik euskara batuarekin».
Inorekin eztabaidan hasteko asmorik gabe adierazi nahi dut, 2001. urtean zaraitzueradun azken hiztunetako birekin (Antonia eta Mari Kruz amatxiekin) euskalkiaren materiala biltzeko lana egin nuenean, biek azpimarratzen zituzten gauzetako bat, hain zuzen, zaraitzueraren eta batuaren arteko desberdintasun handia zela: «Uskara berri kori etxu ongi entendatzen». Gutxi ulertzen zuten batuan, eta euskalkia ikasi beharra zegoen haiekin euskaraz hitz egiteko. Iruñerriko euskara ere lantzeko zortea izan dut, eta hainbat hitzalditan baieztatu dut Iruñerriko euskara eta batua bai horiek badirela antzekoak. Hitzaldietan baieztatu dut gure hiriburuko euskara eta batua zenbaitetan antzekoagoak direla gipuzkera eta batua baino. Baieztapen hori, gainera, bereziki azpimarratu dut, gogoan baitut Nafarroa Garaiko agintari ezjakin (edo asmo txarreko) batzuek euskara batua «kanpotik» ekarritako zerbait dela esan izan dutela, Nafarroari arrotz zaiola adierazi nahian. Hortaz, nire ustez, hiriburuko euskara eta batua oso antzekoak dira, baina zaraitzuera eta batua ez, testuak aztertuz ikus daitekeenez. Bukatzeko, zorionak Auzmendi jaunari eta hark bezala zaraitzuera ikasi duten guztiei.
Zuzendariari
Zaraitzuera eta batua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu