ZUZENDARIARI

Zalaparta gurean

2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Euskarak pertsonak bigarren mailako bihurtzen omen ditu; baldin eta, oposizioetan berau eskatzen bada. Ez da ezer gertatzen, ordea, eskakizuna bestelakoa bada, euskaraz bestekoa: izan alemanaren ezagutzak izatea, izan ingelesa jakitea, izan Konstituzioa ikastea edo bestelakorik. Arazoa politikoa da: euskara. Hor agertzen da galdera maltzur eta klasikoa: zer nahiago dugu bada, sua azkar eta txukun itzaliko duen suhiltzailea, edo igeriketan ongi dakien eta Nafarroako foru legeak goitik behera dakizkien suhiltzailea? Suhiltzaile ona, jakina! Eta ahal dela euskaraz ez dakiena!

Ironiaz ari naiz, bistan da. Asko horrekin poztuko liratekeen arren. Nolanahi ere, hizkuntzaren behar bezalako ezagutza bermatuz gero, niretzat nahikoa da, ez naiz tituluzalea eta! Baina hori beste gai bat da. Haserre baitabiltza boteredunen mihi gaiztoak, pozoitutako mezuak han-hemenka zabaltzen. Euskara bizikidetzarako arazo bihurtzen. Harrigarria da gero, beti, beti eta beti, gure bizkar gainera botatzea, haien erabaki politikoaren ondorio den ezjakintasunaren karga.

Lan-mahaiaz bestaldera langile euskaldun batekin topatzea txiripa kontua delako. Proba egin ezazu. Zoaz Nafarroako zonalde euskaldunera, hitzordua eskatu medikuarekin, eta ea euskalduna den. Zenbat apustu toki askotan ezetz! Eta halakoetan zaila bada, pentsa eremu mistoan! Eta ez-euskaldunean? Barre-murritza marraztu zait ahoan, ironiari helduko diodalako berriro; hango agintarien esku balego, euskaraz dakien medikua zigortuko luketela dudarik ez baitut!

Ba halaxe gabiltza, ez dagoelako munduaren luze-zabalean Nafarroa bezalako lurrik. Ekin bideari, ibili eta buelta, egizu proba; ea non zigortzen eta mailakatzen dituzten beren bizilagunak jaiolekuaren arabera! Inon ez, ezta? Noski, ez dituelako eskubide berberak legearen aurrean Berako batek, Iruñeko batek edo Tuterako batek. Horixe da zonifikazioa: ukazioa eta autogorrotoa.

Horregatik, korapilo hau askatzen hasteko lehendabiziko pausoa lurralde osorako ofizialtasuna lortzea da. Gero gerokoak. Beraz, maiatzaren 13an ni Iruñean egonen naiz ofizialtasuna aldarrikatzen. Zatoz zu ere!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.