Duela bi-hiru aste Hernion bi sute izan ziren. Hedabideetan ez zitzaion garrantzirik eman. Zioten otea eta laharra bakarrik erre zela mendia «zikina» zegoelako.
Kazetariei ez diet eskatzen kontserbazionista batek esango lukeena ipintzea, alegia, basorantz zihoan segidako landaredia erre dela. Baina basoa ez den guztia zabortzat jotzea ez da justua. Esan dezatela, gutxienez, zer erre den, otadia, laharra... zikintasunik aipatu gabe, eta gertatutakoa gutxietsi gabe. Zer dakite kazetariek sasi eta ote artean zer erre den? Agian, zuhaitz eta zuhaixka landare gazte asko erre da.
Eta zer geratu da erre den tokian? Lurra biluzik, higaduraren menpe. Ez da sasia bakarrik erre, lurzoruaren gaineko material organikoa ere erre da, hamarkada askotan sortua, eta lurzoru horretako mikrofauna aberatsa ere bai.
Seriotasun apur bat eskatu nahi nieke kazetariei, eta formazio gehixeago.