ZUZENDARIARI

Xabier Mina proskritoa

2019ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Berrehun urte igaro dira Xabier Mina nafar euskalduna Mexikon hil zutenetik. Berrehun urte ia inolako aitormenik jaso gabe. Berrehun urte hauetan Noaingo Udalak eskaini zion kalea eta Iruñeko Udalak jarritako plaza izan ezik, ez du aitormen instituzionalik izan, ez Euskal Herrian, ez Espainian ere. Zer egingo zuen —edo zer ez zuen egingo—, bada, Nafarroako seme horrek horrela arbuia zezaten?

Xabier Mina ezagutzea ezinbestekoa da XIX. mendeko iraultza burgesak eta Ameriketako prozesu askatzaileak ulertzeko. Xabier Mina, Lord Byron poetaren eta Simon Bolivar askatzailearen laguna, Otanon jaio zen, Frantziako Iraultzarekin batera, Frantziako Errepublikak Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena onartu zuen urte berean. Eta hastapen horiek izan zituen gidari bizitza osoan.

Xabier Minak hogei urte ez zituela, Nafarroako Korsoa antolatu zuen Napoleonen aurka; Frantzian Estatuko presoa izan zen —preso politikoa esango genuke gaur— eta heriotza zigorrera kondenatua; 1814an Iruñea askatzen saiatu zen borboitarren gobernuaren kontra matxinatuz; Ingalaterrara ihes eginda, Mexiko askatzeko nazioarteko espedizio bat prestatu zuen, hirurehun bat ofizialek osatuta, nafar asko zirela bertan; azkenik, Mexikon atxilotu eta soldadu kolonialista espainiarrek hil zuten, 28 urterekin. Bizitza laburra, baina oparoa.

Espainiako liberalak berehala makurtu ziren monarkiaren alde, ideia errepublikanoak ahazturik, nahiago baitzuten tirano baten menpekoak izan errepublika bateko hiritar libreak baino. Minak ez, ordea. Horra hor zergatik saiatu diren Xabier Mina isilarazten azken bi mende hauetan. Saiatu bai, lortu ez, ordea, denek ez baitute Xabier Mina ahaztu. Mexikon berehala izendatu zuten askatzaile, eta, Nafarroan, Otanoko Batzordeak, Xavier Mina Elkarteak eta Orreaga Fundazioak azken urteotan omenaldi xumeak eskaintzen dizkiote. Azkena, azaroaren 9an.Baina, agian, hobe horrela, beldur bainaiz behin orain arte ahaztuta eduki duten instituzioen oniritzia jasoz gero, ez ote duten haren irudi faltsu eta arina barreiatuko, ez ote duten haren borroka mozorrotuko. Aitzitik, lehen bezala orain ere Minak proskrito jarraitzen duen bitartean, beti izango da itxaropen leinurua, beti eredua libertatea maite duen ororentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.