Gaur eguneko ume askorentzat zenbait kirolari edo artista diren moduan, parekoa zen niretzat umetaroan Xabier Ganeko (Xabier Amuriza). Kartzelan egon zen garaian, ni ume nintzela eta zuzenean ezagutu ez arren, aldiro-aldiro agertzen zen haren izena gurean, Autzaganeko tabernan, Xabierrek jendaurrean botatako lehenengo bertsoak ezagutu zituen berbera. Luzio eta Maria Jesus aita-amak auzoko oso hurkoak izateak ere ederto lagundu zuen horretan, zalantza barik; etxe-etxekoak ziren, azken batean.
Baina ez ziren bakarrak horretan, beste izenik ez eta Sagarrenen taberna deitzen zuten garai bateko taberna-denda-jatetxe hartatik pasatzen ziren hainbat eta hainbat pertsonaia bitxi eta maitagarrien ahotik ere oso ohikoa zen hori entzutea. Denontzat zen eredu eta estimu handian zeukaten. Oso handian!
Xabier Ganekok erakutsi behar zidan euskara dotorea, bertsotan... zertan ez! Eta ni, bitartean umemokoa nintzela, guztiz sinistuta. Nire gabezia guztien konponbidea! Eta halako batean kartzelatik irten, tabernatik pasatu eta joan egin zitzaigun. Kaixo eta agur! Hortxe amaitu zen niretzat mitoa, orduko garai hartan behintzat.
Urte batzuk behar izan nituen ulertzeko Xabier ez zela nire pribilegioa eta are gutxiago nire talentu murritza atondu behar zuena. Askoz ere helburu handiagoetarako sortua zen eta erakutsi ere egin du hori. Autzaganetik askoz harago zegoen haren gerizpe eta eraginaren beharrizana.
Eta beharrizana ere bada gaur egun, etxanotarrontzat nahiz euskaldun guztiontzat, Xabierrek eskaini eta eskaintzen digun ekarpenari aitortza egokia egitea. Hortik, beraz, azaroaren 11ko omenaldi herritar xumea. Xumea, baina bihotz-bihotzez egina.
Nire aldetik, prest nago barkamena eskaintzeko, baldintza bakarra jarrita baina. Nire eskakizuna da Xabierrek omenaldi horren partaide ere egitea Autzaganeko unibertso zoragarri hura osatzen zuten guztiak, gerora ezinbesteko osagai izandirenak, ziurrenik, bere lorpenetan: Segunda Etxanosoloko, Kartzelas (eta enparauak), Luzio eta Maria Jesus, gure amuma Josefa eta Autzaganeko taberna hartako izpiritua ondoen gorde zuen gure amaBenita. Eta aipatu bako beste hainbat!
ZUZENDARIARI
Xabier Ganeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu