Zuzendariari

Xabier Etxanizi erantzunez, ohar batzuk

Agustina Pontesta.
2013ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Asteartean BERRIAn Zuzendariari gutunak atalean Xabier Etxanizek idatzi zuenari erantzunez, hainbat argibide eman nahi nituzke.

EHE kideok beti genuen zeregina, eta nik uste 1983. urtekoa zela Gabonetarako telebista euskaraz kanpaina prestatzea.

Jakin genuenean Ramon Labaienek Eusko Jaurlaritzan azken denboraldia zuela (Donostiako alkatetzara joateko), erabaki genuen berarekin hitz egitea izan zitekeela egokiena gure kanpainaren berri emateko. Hori zela eta, Txillardegi, Luis Mari Mujika eta ni neu joan ginen Ramon Labaienekin mintzatzera. Oroitzen naiz oso harrera bikaina egin zigula Labaienek, kafe eta guzti.

Gure kezka nagusia zen kalean zebilen zurrumurrua: martxan jarri behar zen telebista ele bitan izango ote zen. Eta hitz-aspertu luzearen ondoren, telebistaz zuen iritzia eta nahia zein zen argi eta garbi azaldu zigun: Euskal Herriak ere telebista bere hizkuntzan, euskaraz, izateko eskubidea zuela, alegia.

Eta anekdotak anekdota (kartelarena barne), bilkura bukatu genuen Ramonen azken hitzokin: «Zoazte lasai, etxe honetako San Pedro ni naiz oraindik, eta euskara hutsez izango da!». Eta hori esanez agurtu gintuen.

Mila esker une haiek gogora ekar arazteagatik, Xabier, hau ere memoria historikoan sartzen baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.