Otsailaren lehena Ezkabapean, Berriozarren. Voxeko bost lagun, hamaika foruzainen babesarekin, eta neurrigabeko kargak auzokideen kontra; foam pilotakada eta borra kolpeen ondorioz zauritu andana Berriozarren igande goiz honetan, anbulantziaz eraman duten neska gazte bat eta artatu behar izan dituzten beste bi, besteak beste.
Voxek ez du ordezkaririk Berriozarko Udalean, eta bere presentzia eta lana herrian hutsaren hurrengoa da. Haatik, bezperan Iruñeko Arrotxapean gertatu bezala, aski dira bost faxista eta Foruzaingoaren jarrera oldarkorra aspaldi izaten ez ziren istiluak eta zaurituak izateko. Istiluen berri izan ondoren, herriko alkatea eta alkateordea bertaratu ziren, eta polizien arduradunari egoerari buruzko informazioa eskatu zioten, baina ez zuten erantzunik jaso. Une horretan, foruzain arduradunari berari jakinarazi zitzaion Voxen ekitaldiak ez zuela Berriozarko Udalaren berariazko baimenik.
Igande honetan foruzainak tonto utilak izan dira, zeren karga bortitz horiei esker Voxen mesederako propaganda egin diote taldetxo faxista horri. Bitxia da, zeren eta Voxek ez ditu Nafarroaren Foruak maite eta, boterera helduko balitz, ez luke inolako arazorik izango Foru Komunitatearen eskuduntzak kentzeko, eta Foruzaingoa bera ere desagerrarazteko.
Foruzain horiek beraiek euren buruari galdetuko liokete zeinen alde ari ziren. Zizeron zaharrak zioen: Hic hoc fas est dictu (Zilegia da hemen aldarrikatzea): faxismoa kanpora.