ZUZENDARIARI

Utz ditzagun alderdikeriak

Errausketaren Aurkako Koordinadorako kidea.
2015eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Eguna joan eta eguna etorri, Gipuzkoan egunero daukagu gure hondakinen inguruko informazio, iritzi eta gehienetan salketa dosia. Erakundeak eta komunikabideak borroka-toki bihurtuak ditugu, baina ia inoiz ez neutralak, aurrez aurre dauden politikariekiko duten hurbiltasun edo higuinaren araberakoak baizik. Borroka honetan ez da irabazlerik izango, baina, aldatu ezean, Gipuzkoako biztanleak eta bertako ingurumena izango dira galtzaile seguruak.

Hauteskundeak hurbil ditugun honetan, alderdiek ahoa beteta aipatzen dituzte herritarren ongizatea eta aurrerapenak, baina gero ez dira gai hondakinen kudeaketan aurrerapen esanguratsua ekarriko lukeen akordioak lortzeko —betiere mundu guztiak teorian onartzen duen hierarkiari jarraituz: murriztu, berrerabili, birziklatu...—.

Bada garaia denok aletxoa jar dezagun Gipuzkoa eta gipuzkoar garbiago eta hondakinekin arduratsuago jarduten dutenak lortzeko bidean. Bada garaia bidean trabak eta burokraziak ipintzeari uzteko, horrela lortzen den gauza bakarra aurrean dugun arazoaren konponbidea atzeratzea eta herritarren artean amorrua sortzea baita. Bada garaia bakoitzak bere ekarpena gehitzeko eta sortzen ari diren ideiak babesteko eta hobetzeko.

Zeren, batzuk bidean etenik gabe jartzen ari diren oztopoak gaindituz, ideiak badira, pausoak ematen ari gara, nahiz eta ez izan nahi genukeen abiadan. Guztia ez da alferrik izaten ari, Gipuzkoa Europaren buruan dago eta Estatua osoan ez dago hemengo birziklapen mailarik (%42a), eta aurreratzea oso azkarra izaten ari da. Honela, 2008an pertsonako 344 kilo zabor eman ziren zabortegira, 2013an 261 kilo eta 2014an 238 kilo. Bada zerbait, baina asko falta da!

Bestalde, herrien arteko diferentzia izugarriak dira. Donostiar bakoitzak urtean zabortegira 274 kilo hondakin bidaltzen du, irundarrek 260 kilo, eibartar eta errenteriarrek 231 kilo; beste aldean ditugu Hernani 38 kilorekin, Ordizia 74 rekin, Oñati 32rekin, Azkoitia 81 rekin. Emaitza horiek ikusirik, garbi geratzen da gipuzkoar guztiok ez dugula ardura berbera zabortegien betetzean edo zaborrei emango zaien beste edozein tratamendutan.

Errausketaren Aurkako Koordinadorak Foru Aldundiari, Hondakinen Partzuergo eta Mankomunitateei eskatzen die ahalik eta azkarren martxan jartzeko onartuta dauden instalazioak (Bergarako konpostatze planta). Bestalde, gobernu talde eta oposizio guztiei alderdikeriak utz ditzaten eskatzen diegu, eta prozesu hau azkarra eta ingurumenarekiko errespetuzkoa izaten lagun dezaten. Aipatutako guztiei, hondakinen gaiaren inguruan ari garen eragile sozialei eta eragina zuzenean jasoko duten udalei (Bergara, Azpeitia, Zubieta, Zestoa..)deia egiten diegu ematen den pauso bakoitza kontrola dezaten —ez du oztopatu esan nahi— aurretik agindutakoa ez dadin hitz hutsetan gera, baizik eta ongi egindako lanaren bermeaizan gaitezen denok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.