ZUZENDARIARI

Usansolo Herria! Usansolo Bizkaiko 113. Udalerria!

Nabarnizko alkatea.
2014ko urriaren 11
00:00
Entzun
Poztu egin naiz Usansolo izena berriro komunikabideetan bolo-bolo entzun izan dudanean. Egia esan, bertakoak ez izan arren ere, jende askok aspalditik daukagu Usansoloren entzutea, 20 urtetik gora badirelako irrika eta nahi bat gauzatu nahi dutela: herri izan. Baina ez diete uzten, edo orain arte ez diete utzi.

Borroka luzea daramate asmo horren atzetik, lan handia eginda, baina ez da lan horregatik prentsara azaleratu, PNVk «orain» herri-galdeketa egitea onartu duelako baino.

Pozten naiz, berriro, PNV herriaren ahotsa entzuteko prest agertzeaz. Eta 2012ko azaroan, Bizkaiko Batzar Nagusietan Usansoloren desanexioa oztopatzeko onartu zuten Bizkaiko Lurralde Demarkazioei buruzko Foru Araua aldatzeko ere prest omen dago. Pozgarria hori ere. Ez zuen holakorik egin beharrik izango orduan ere, desanexioa lortutako herrietako alkate eta hautetsien ahotik egindako eskaera entzun izan balu: ez oztopatu Usansoloren desanexio prozesua! Bide beretik, orain PNVk Bizkaian erakutsi duen jarrera-aldaketa posible bada Usansolorekin, zergatik ez da izango, bada, Igeldorekin Gipuzkoan? Han herritarrek jada hitz egin zuten, eta oso argi, Igeldo udalerri izatearen alde. Baina bide hori judizialki oztopatzea erabaki zuen PNVk. Han bide bat eta hemen kontrakoa? Ulergaitza.

Usansolon herriaren nahia jakiteko modurik garbiena herri-galdeketa egitea delako, erakundeetan zein alderdi politikoetan ardura daukaten guztiei eskatu egin nahi diet errespeta dezatela Usansolon azaroaren 23rako deituta dagoen herri-galdeketa eta emaitza. Hala bedi.

Gure herriak, Nabarnizek, aspaldi lortu zuen desanexioa eta udalerri bihurtu. Herri txikietako arazoak asko dira, eta gurean ere bai, baina orduan emandako pausoaz oraindik ez dugu inoiz damurik izan.

Nik berriro ere, eta nabarniztar guztien izenean, gure elkartasuna adierazi nahi diet Usansoloko herritarrei, eta zorionak eman orain arte erakutsi duten adore eta irmotasunagatik.

Garrantzitsuena da Usansolok argi duela herria dela, eta hori ukatu ezin den errealitatea dela.

Beraz, usansolotarrei animorik handienak eman nahi dizkiegu, eta ez etsi zeuen asmoan, badakizuelako herri izatea duzuela zeuen nortasunari eusteko erarik onena, herritarren eskubideak eta interesak bertatik bertara defendatzeko modurik eraginkorrena.

Eta bukatzeko, nabarniztarren izenean animoa usansolotar guztioi, azaroaren 23rako deitua duzuen herri-galdeketan zeuen bidean aurrera egiteko ahotsa altxa dezazuen, herriaren aldeko erabakia har dezazuen. Gure babesa izango duzue hasitako bide horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.