Sareren bozeramaileek, Joseba Azkarragak, Bego Atxak eta Inaxio Oiarzabalek, argi azaldu zituzten beren helburuak; burua argi, helmuga ondo zehaztuta, inoren esku hartzerik onartu gabe, eta arrazoibide bihurritu oro errefusatuz, ibiltoki duen lurraldea xehe-xehe mapan zehaztua duenaren gisan. Haien diskurtsoa mudantzarik gabea izan zen, sendoa, eta gaizki-gurarik batere gabea. Entregatu zuten dokumentu zorrotz osatua da horren erakusgarria, eta ezin gezurtatuzkoa da.
Mahai ingurua hunkigarria izan zen, eta agerian utzi zuen Sareri eusten dioten zutarriak hauek direla: indarkeria guztien biktimak, presoen giza eskubideak, legezkotasuna eta justizia. Mahai inguruak ikuspegi hori bildu zuen. Han izan ziren Rosa Rodero eta Rosa Luch ETAren biktimak, Irantzu Benito sakabanaketaren biktima, eta Nieves Diaz eta Tamara Muretagoinena torturaren biktimak; Maider Garcia ezin izan zen joan ondoezik zegoela-eta, baina han izan ziren Pili Zabala eta Asun Lasa GALen biktimak ere. Hainbeste manipulatu ohi dira biktimak, ezen izugarri harritu baininduen emakume haien diskurtso libreak; haien guztien argudio arrazoizko, sentimenduzko eta oinazezkoek. Hunkitu ninduen Irantzuren istripuak eta hunkitu ninduen familiak ere sakabanaketaren biktimatzat hartzen zirela ikusteak. Emozionatzekoa izan zen manifestazioaren bukaera, haien izen guztiak irakurri zituzten unea.
Errukia piztu zidan amak, Nievesek, entzuteak nola kontatzen zuen hain modu soilean bere alabaren torturaren mina. Gogoan hartuko ditut hark ekitaldian mintzatzeko erabili zituen zazpi minutuak, ahaztu gabe, era berean, zortzi minutu izaten direla presoekin telefonoz hitz egiteko. Balio izugarriko zortzi minutu eskasen miseriaren zentzua hartu zuen denborak. Erdiragarriak izan ziren haien hitzak. Tristatu ninduen, halaber, Tamararen amak egin zidan kontakizun intimoak, beraren torturei eta urteetan isilean pilatutako minari buruzkoak.
Sakon eragin zidaten haien beldurrek, isiluneek eta gainean duten manipulazioaren oinazeak.
Emakume haiek ez ziren generoaren gaian sartu, beren kasa dabiltzan biktimak baitira, eta ez dute garatu emakumeen kontzientzia kolektiborik. Ez dago gizon alargunik; semeak bai, eta anaiak ere bai. Baina protagonismoa emakumeek izan dute, eta balioetsi behar dugu haien sentsibilitatea eta borroka nekaezina, Maiatzeko Plazako Amena bezalakoa. Haiei aditzeak barrena urratzen zuen.
Manifestazioari dagokionez, hura bera da diskurtsorik onena. Haren antolakuntza, haren ordena ia ezinezkoa eta haren programa: kantuak, Txoria txori, bertsolariak eta sinboloak; eta jendetza hura, egun osoan gero eta olde handiagoan Bilbo bete zuena. Oihal hura, olatu hura, manifestazioa zeharkatu eta gure gainetik pasatu zena, gure eskuez bere jomugarantz lagundu genuena, hori dena bataio komunitario bat izan zen, jadanik maparik ez daukan lelo baten pean: Etxera. Manipula daitezke datuak, baina egun hartako irudi esanguratsuek modua ematen dute, garai honetan, benetako kalkulu bat egiteko.
Sarek borrokaren parte handi bat irabazi du; haren ibilbideak ez du tatxarik, eta haren helburuak argiak dira. Guztiz garrantzitsua da 34 urteko urruntze hau amaitzea. Halako minik! Antza du eskalatzaile onen espedizio batena: gailurrera begiratu ez, baizik urrats bakoitzari, bide luzean adoreari eusteko. Maiatzeko Plazako Amen tankeran, halako mugimenduek zulatzen dute sistema, bestelako jokaleku zinezkoago, bidezkoago eta humanoago bat sortuz. Hona Azkarragaren esaldi bat: «Gobernuak eta estatuak ez dira mugitzen beren kabuz: jendeak mugitzen ditu». Presoen auziaz harago doa, sinbolo izugarri indartsu horretaz harago. Komunitate batentzako historia berri baten oinarria da. Kohesioa ematen du, zentzua ematen du, eta bidea urratzen du.
Sare eta haren urtarrileko manifestazioa gaur egungo Euskal Herriaren identitatearen sinbolo dira jadanik.
Zorionak.
ZUZENDARIARI
Urtarrilaren 7 bat Sarerekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu