Adituen arabera, oinutsik ibiltzea da gure osasunerako onena: lurra sentitu, arnasa hartu eta oin azpiko munduarekin bat egitea. Baina, bizitzaren zama arintzeko edo, norbaiti zapatak sortzea bururatu zitzaion, gure urratsak babesteko asmoz. Tamaina, kolore eta material desberdinen arteko harmoniaz osatuta, munduaren pisuari aurre egiteko egokitu zituzten.
Belaunetaraino iristen diren botek eguneroko bizitzaren makurrak gelditzen dituzte; takoiek, berriz, zerura hurbiltzen gaituzte, lurrean daramagun minaren zama arinduz. Larruzko zapatak, ordea, harresi sendoak dira, sufrimendua gure baitan sartzea eragozten dute.
Zapatak gure babesle isilak dira; urratsez urrats gure zama xurgatzen dute, lurra goxotasunez besarkatuz eta bihotza arinduz. Eguzkipean berotzen dira, baita euripean bustitzen ere, baina beti leial jarraitzen dute, isilean, gure bidearen sekretuak gordez. Denborak eta bide malkartsuek pitzadurak marrazten dizkiete; arrakalak, txikiak baina sakonak, bizitzak utzitako zauri isilak, gure bizipenen aztarnak, gure barnean betirako gordeta geratuko direnak. Baina ez dira ahultasunaren seinale hutsak; gure izatearen istorio bizia dira, gure baitan betiko grabatutako olerki isilak.
Horregatik da hain garrantzitsua besteen zapatetan jartzea, bakoitzak bere bidea daramalako oinen azpian: mina, galera, bihotz-hutsuneak, etsipena eta irabaziak. Ez dugu inor epaitzeko eskubiderik, inoiz ezingo baitugu sentitu haien zapatek jasan dituzten kolpeen arrastoa. Zartadura bakoitzak zerbait kontatzen du, baina gure buruan soilik irudikatzea ez da bizitzea, eta are gutxiago bihotzez sentitzea. Zapatak ez dira soilik oinetakoak, baizik eta istorioak, arrastoak, harreman sekretuak… Azken finean, gure mundua ulertzen laguntzen diguten bidelagunak dira.
Imajinatzen duzue gure zapatak beste bati uztea, eta haiek gure sufrimenduaren hariak askatzeko indarra izatea? Zenbat min ekidingo genieke besteei, ahoa itxi eta haien zapatak jantziko bagenitu!