Duela egun batzuk, Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria, Europako Komisioko lehendakari Jean-Claude Juncker-ekin bildu zen, hainbat gairen artean Euskadiko Kontzertu Ekonomikoaren aurrean babesa eskatzeko.
Egunkarietan ez dute aipatu ere egin, eta, bilera horretan egon ez den arren, beste hirugarren baten baimena ere behar izan da bildu ahal izateko: Mariano Rajoy, Espainiako Gobernuko Lehendakaria.
Iaz, Carles Puigdemont, Kataluniako lehendakariak ere eskatu zion Juncker-i berarekin biltzeko, baina azken horrek agenda arazoak zituela-eta ez zuen lortu.
Zergatik halako jokabide ezberdina batekin eta bestearekin? Nolatan ez du aurkitu Junckerrek zirrikiturik Puidgemont-ekin biltzeko hainbeste hilabetetan? Eta Urkullurekin bai? Zer ikusirik izango al du Espainiako Gobernuak bi autonomia-erkidego horiekin duen harreman ezberdinduarekin? Baliteke. Ez da enpatia kontua bakarrik izango, ordea; seguru interes komunak dituztela, eta, bestela, galdetu dezagun: zergatik une honetan bilera hau?
Ez dugu ahaztu behar hilabete gutxi barru Katalunian Europako, Espainiako eta Gasteizko buruzagiak muturtuko dituen prozesu bat jarriko dela martxan. Europa, Kataluniak europar estatu izateko eskaera egiten duen unean Espainiako Estatuarekin arazorik ez izateko. Madril, Espainiaren batasuna pitza lezakeelako eta, horrela, eredu izan beste erkidegoentzat. Gasteiz, berriz, XIX. mendeko eskaera iruditzen zaien Kataluniako eredu horri jarraituko diolako: Bide hori egiteko prest dagoen jendea ibiltzen hasi delako (Gure Esku Dago, adibidez).
Kataluniako gaia ez dute zabaldu, ez EAEko lehendakariak, ezta komunikabideek ere. Une honetan, elkarrekin bildu direnean, ez zuten aipamenik ere egingo patata bero horri buruz interes komunak dituzten jende horrek? Nola gelditu daitezke Katalunia Espainiatik banatuko dituen aurrerapausoak? Europatik edota Espainiatik inposizioa bultzatuz? Ez, ikusita dago, oraingoz jarrera hori beraien kalterako izan dutelako.
Orduan, nola? Isolamenduaren bidetik. Historikoki, Euskal komunitateak ere aldarrikatu izan du Espainiarekiko independentzia. Gaur egungo agintariek autogobernu tasa handiagoak eskatzera mugatzen dira, ordea, eta aldarrikatzen zituzten eskaerak gutxiesten dituzte orain. Euskal agintarien azkenaldiko adierazpenei so egin besterik ez dugu. Horrela, Kataluniako herritar asko bakarrik sentituko dira agintariok zaharkitutzat jotzen duten independentziarako bide horretan. Beldurrak eraginda, ez dute babestuko prozesua. Eta, horrela, Katalunian ez badute lortzen gehiengoaren babesa, Euskal Herrian ere atzera egingo dute bide horretan lanean ari direnek.
Susmoak besterik ez dira; errealitatetik urruti egongo ez diren susmoak. Ikusteko dago.
ZUZENDARIARI
Urkullu-Juncker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu