ZUZENDARIARI

Urkullu, giza eskubide guztien alde?

Arratia.
2015eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Giza eskubideen aldeko ekitaldi batean, giza eskubideak aldarrikatzen zituen pertsona bati pankarta kentzeko esan diozu. Benetan, pena sentitu dut, eta nik bezala, beste askok ere bai ziurrenik. Gure lehendakaria ez omen da denon lehendakaria. Lehendakari moduan giza eskubideak bereizten dituzula dirudi, eta presoak hurbiltzeari dagozkion eskubideak ez omen dira zuretzat horrelako ekitaldi batean eskatu behar.

Beste ekitaldi mota batean egongo bazina, adibidez, lehiakortasunen aldeko enpresentzako sari baten aurkezpenean, uler nezakeen; ez zuk baina bai besteren batek pankarta kentzeko eskatzea. Ez, ordea, giza eskubideen aldeko ekitaldi batean.

Urkullu jauna, nazio forala aldarrikatzen duzu. Foruak ezagutuko dituzunez, jakin beharko zenuke foruen arabera euskal herritarrak ezin zirela kanpoko epaitegietan epaitu, ezin zirela torturatu, ez dutela Euskal Herritik kanpo zigorrik bete behar. Beraz, pankarta kentzeko esan zenion hura, pankartarekin nazio forala aldarrikatzen ari zen, foruak lapurtu arte izan genuen eskubidea defendatzen ari zen. Eta pankarta publikoki kenaraztean, gure foruen eta gure demokraziaren oinarri garrantzitsuenetako bat baztertu zenuen.

Bidaietan euskal presoen hamabost senide hil ondoren, giza eskubideen alorrean dugun hutsune handienetakoa da sakabanaketa, eta, euskal herritar xume gisa, aldarrikapen hori errespetatzea eskatzen dizut.

Zorionak pankarta erakutsi zenuen horri!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.