ZUZENDARIARI

Urkullu eta preso euskaldunak

2015eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Gasteizen, Rene Cassin sari emanaldian gertatu zena oso kezkagarria eta deitoragarria iruditu zait. Tasio Erkiziak preso politiko euskaldunak Euskal Herrira hurbiltzeko eskatzen zuen ikurra edukitzen zuelarik, horren ken zezan exijitu zion Urkullu jaunak. Giza eskubideen zaintza zen gai nagusia, eta bereziki Francoren zapalkuntzak eragindako biktimak eta berauen ondokoak. Espainiak Euskal Herriaren aurka muntatu zuen zapalkuntza ez zen frankismoaren denboretan hasi, ez zen ere frankismoa amaitu zelarik bukatu.

Historia modernoan, Gerla Karlistekin hasi zela esan daiteke, eta Sabino Arana Goiriren asmoek Errepublikaren denboretan Euskadiko autonomia ondorioztatu zuten. Francok antolaturiko altxamendua izugarria izan zen garai hauetako euskaldun gudarientzat: fusilamenduak, hilketak, espetxeak, erbesteratzeak Franco desagertu ondoren, abertzaleentzat ezarritako konstituzio berria eta autonomi estatutua nahiko ez izan arren, —nazio bezala ez da Euskal Herria berrezagutua izan; eskumen guztiak transferiturik ez dira izan; autodeterminaziorako eskubidea ez da onartzen— borroka eta zapalkuntzak berriz hasi ziren, eta naski, berriz etengabeko atxiloketak. Atxilotuz gainera, umiliaturik izan dira presoak, baita haien familiak ere, haien ikustera joateko kilometro asko egin behar baitituzte. Behin betiko eta alde bakarreko su-eten bat aldarrikatu arren, ez dute Frantzia eta Espainiako gobernuek aurrera pausorik eman nahi, nahiz eta legeak presoek euren zigorra euren herrialdetan bertan konpli ditzaten baimentzen duen.

EAJ definizioz abertzale denez gero, obretan gauza bera frogatu beharko luke. Presoen aldeko ikurraren jartzea abertzale ezkertiarrek kanpoan egin zezaten agindu ordez, gela horren barnean egin zezatela onartu beharko zuen. Ekintza hori oso baketsua zela oharturik, gainera. Ideologiaz eta taktikaz asmo desberdinak ukan arren, presoen gaia dela-eta abertzale guztiek, gaur egun bereziki, adostasun batera iritsi behar dute.

Urkullu jaunak presoen aldeko ikurra kentzeak itxura txarra ematen du, bai Espainiako Gobernuaren aurrean, baita munduaren aurrean ere. Espainia eta Frantziako gobernuen aurrean abertzaleen zatiketa aurkezten du. Ondorioz, horren baliatzen du Espainiako Gobernuak euskal abertzaleen sasi ahultasunamunduari erakusteko.

Borroka armatua bukaturik den ber, eta gai horrek abertzaleak zatitzen zituela kontuan harturik, presoen gaia eta eraikuntza nazionala aurreratzeko fronte komun bat egin beharko dute alde guztietako abertzaleek taktika eta ideologiazko desberdintasunak Madrilen eta Pariseko politikarien aurrean gehiegi agerrarazi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.