Lehenago ere gertatu izan da eta berriro ere gertatu da. Kasu honetan, NUPeko ikasleei suertatu zaigu betidanik pairatu izan dugun bazterketa bizitzea, hizkuntzagatik zein unibertsitateko antolaketa txarragatik.
Iraileko lehen astean hasi genuen kurtsoa eta Behar psikologikoak eskolan izeneko ikasgaia irailaren 4an ginen hastekoak. Argitzearren, ikasgaia PT (Pedagogia Terapeutikoka) mentziokoa da eta urriaren 15ean amaitu behar genuen.
Aldiz, ez zen horrela gertatu. Unibertsitateko departamentutik jakinarazi ziguten ikasgai hori lantzeko oraindik ez zutela irakaslerik aurkitu. Horrela ibili ginen hiru astez.
Azkenean, irailaren 24an, biharamunean klaseak hasiko genituela jakinarazi ziguten. Gaztelerazko klasean sartuko gintuztela azaldu ziguten, ez baitzuten euskarazko irakaslerik aurkitu. Horregatik aurrerantzean gure ordutegia aldatuko zen, gaztelerazkoek ordutegi desberdina dutelako. Ikasle askok, lan egiten dutenez, unibertsitateko ordutegiaren arabera antolatzen dute. Horrek askori hezkuntzaren edo lanbidearen artean aukeratu beharra sortu die.
Irailaren 24an klasean sartu ginen eta bertan ikasgaiko bi irakasleak zeuden (batek praktikak eta besteak teoria ematen dute). Haiez gain, egoera azaltzera etorri zen beste bat. Euskarazko ikasleek gure artean hitz eginda geneukan eta bagenekien hurrengo astean gaztelerazko klasekoek azterketa zutela. Horregatik, berari galdetu eta hark irakasleei eman zien hitza. Beti ari zen irakasleen esku dena uzten, hauek konpromiso batean jarriz. Guk komentatu genien azterketa hori ez zela bidezkoa. Gaztelerakoek hilabete osoa zeramaten klasean eta guk ezer ez.
Gutako gehienek D ereduan ikasi dugu eta bat-batean gazteleraz ikastea arrotza iruditzen zaigu. Gainera, gazteleraz ikasteak ikasketen arrakasta zailtzen du. Hori dela eta, eskatu genuen mesedez, materiala itzultzea eta azterketa euskaraz egiteko aukera ematea. Logikoki, ebaluazio eta materia kantitateari buruz ere hitz egin genuen. Ez zen bidezkoa ebaluazio berdina jasotzea guk astebetean ikasi beharko genuelako eta material kantitatea handiegia zelako.
Ikasgai hau urriaren 15ean amaitzen zenez, ikasgaia luzatzeko aukera eskatu genien irakasleei. Azkenean, ez da hori gertatuko eta ikasgaiaren parte ez den beste irakasle batek emango digu azken klasea. Klase bakar bat.
Aipatu beharra dago dekanoarekin hitzordua eskatu genuela, eta berak irailaren 27an (10:30-11:00) eman zigun, online. Ez zen zitara aurkeztu eta beste egun baterako utzi behar izan genuen.
Azkenean, horrela geratu da gauza. Astero ia-ia gai oso bat ematen ari gara gazteleraz, alde praktikoa zein teorikoa, baina presaka ari garenez, nahasturik ematen ditugu.
Ekintzek agerian utzi dute dena. Unibertsitateak eskainitakoa bete beharko luke. Eskaini dutena bete ezin, eta erdipurdiko partxeekin tapatu nahi izan dute dena. Euskarazko taldea, kalitatezko eta ganorazko hezkuntza jaso barik.