ZUZENDARIARI

Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazka militarraz, gehiago

2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Bi aste luze pasatu dira Putinek Operazio militar berezia iragarri zuenetik, eta lehen hausnarketa batzuk piztu zaizkit gatazka militarrak hartu duen norabidea ikusita.

Bakea ala gerra nahi ote dugun ez dut batere garbi. Telebistan eta hedabide nagusietan azken egun hauetan behin eta berriz errepikatu digute Gerrarik Ez! mezua, baina...

Bien bitartean, eta historian lehen aldiz (publikoki behintzat), Europako Batasunetik kanpo dagoen herrialde bati gatazka militar bat finantzatzeko laguntza ematea onartu du Europako Batasunak, 500 milioi eurokoa. Zehatzago, 450 milioi euro arma hilgarrietarako, eta beste 50 milioi euro baliabide ez hilgarrietarako, hots, petrolio, babes-ekipo eta abarretarako.

Espainiako Diputatuen Kongresuan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ere adierazi du «Ukrainako erresistentziari erasorako material militarra» bidaliko diola.

Hau baldin bada gatazkaren hastapenetan aipatzen zen «bakea» eta «diplomazia», jai daukagu!

Duela bi aste pizturiko ofentsiba militarrak (guda 2014an hasi zen) lehen ondorio nabarmenak utzi ditu mahai gainean. Nagusiena, Europako Batasunak eta NATOk gidaturiko mass media-ren lerratzea, Ukraina hauspotzeko eta Errusiatik datorren guztia oztopatzeko helburuarekin. Horren ondorio zuzena izan da Europako Batasunak erabaki duela RT eta Sputnik hedabideak zentsuratzea, errusiarren aldeko edota ukrainarren bertsioaren desberdinak diren informazioak mozteko. Propagandari informazioarekin aurre egiten zaio, ez zentsurarekin.

Bestalde, sare sozialetan markaketa publikoa egiten ari dira errusiarren aldeko hedabideekin zein kazetariekin. Eta hau guztia gutxi balitz bezala, iritzi publikoa posizionatzeko azpijokoak eta gezurrezko irudiak erabiltzen ari dira. Horren adibide da Antena 3 Espainiako telebista kateak erabilitako Arma 3 bideo jokoaren irudiak zabaldu izana ukrainarren kontrako Errusiaren eraso baten berri emateko orduan.

Azken hausnarketa gisa, ez nuke aipatu gabe utzi nahi errefuxiatuekin sortzen ari den zalaparta. Komunikabideen zein mugetako polizia-militarren jarrera arrazistak ezagutarazi beharko genituzke. Ukrainako errefuxiatuei buruz «ilehori begi-urdinak» edo «gu bezalakoak dira» eta gisa bereko adierazpenak egiten direnean, arrazismoa sustatzen ari dira. Zergatik ez dituzte ukrainarrak bezala tratatzen Siria, Palestina, Afganistan, Irak edota Afrikako errefuxiatuak? Garbi geratzen da, oraingoan ere, Europako Batasunarentzat lehen eta bigarren mailako errefuxiatuak daudela. Eta ahotsa altxatu ezean, gu ere horren konplize bihurtzen gara.

Bakearen aldeko aldarriekin betetzen digute gure egunerokoa, baina ez dira aldarri zintzoak, ezta benetakoak ere. Nabarmen ikusten da balantza gerraren alde mugitu dutela, erdibidean interes propioak jarriz. Eta, honekin guztiarekin, herritarrak dira galtzaileak, beste behin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.