ZUZENDARIARI

Ukraina eta Errusiaren arteko gatazka militarraren harira

2022ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Donbassko (Luhanskeko eta Donetskeko Errepublikak) eta Ukrainako egoera larriki okertu da azken aste hauetan, eta Errusiaren eta Ukrainaren arteko tentsioak gora egin du. Bakearen alde eta gatazka militarraren aurka gaude eta, hori horrela, honakoa adierazi nahiko genuke:

Eskualde horretan tentsioa zabaltzeaz dugun kezka erakutsi nahi dugu. Joan den urtarriletik hona biderkatu egin dira ukrainarren erasoaldi militarrak Donbassko lurraldearen aurka, eta milaka zibil Errusiara ebakuatu behar izan dituzte, azken urteetan 700.000tik gora. Zortzi urte badira giza eskubideen urraketa hauek hasi zirela, eta behingoz amaitu behar dute.

2014ko maiatzean ukrainarrek Odesan sindikatu eraikina erre eta bertan erail zituzten 40 pertsonetatik hasita, biktima guztiak gogoratu behar ditugu, 10.000tik gora dagoeneko Donbassko lurraldean, nahiz eta orain arte isilduak izan diren.

2015eko Minskeko akordiotik hona, behin eta berriz Ukrainak Giza Eskubideak urratu ditu, NATO konplize duela. Ukraina NATOren parte izateko saiakerak eta bertan AEBek base militarrak ezartzeak alarma guztiak piztu zituen Donbass eta errusiarren lurraldean; izan ere, azken hauek ere bertan interesak dituzte, posizio geoestrategikoak eta gasbidearen hornitzeak bultzatuta. Baina, beste behin, galtzaile nagusiak herritarrak dira. 2014tik hona eta gatazka honen ostean, milioi batera iritsiko da errefuxiatuen kopurua, eta, XXI. mendean, honelako datuak oso larriak dira.

Orain arte babestu dugun bakearen aldeko jarrera berresten dugu gaur ere. Gatazka militarra amaitzea da gure nahia, eta, horretarako, ulertzen dugu gakoa dela 2014an erreferendumean demokratikoki adierazitako Donbassko herritarren borondatea eta Donetsk eta Luhanskeko errepubliken subiranotasuna errespetatzea. Herrien autodeterminazio eskubidea bermatu beharko litzatekeela uste dugu, Ukrainak Donbassen 2014tik gauzatutako okupazio militarrean atzera eginez.

Azkenik, inongo euskal entitatek bertan egindako eraso militarretan parte ez hartzeko eskatzen dugu, gerra ez delako bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.