Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteko kideok pasa den maiatzaren 9an Arartekoarengana joan ginen, haren laguntasuna eskatzera, Euskadiko udalek jarrera alda dezaten amiantoaren ondoan bizitzeak dituen ondorioen aurrean.
Bileran gure kezkak azaldu genizkion, gogoratuz gaur egun 2.300.000 tona amianto dauzkagula gure hiri eta herritan ezarrita, eta material horren alboan bizi behar izaten dugula, eta hark jaulkitzen dituen zuntzak arnasteak ondorio biziki kaltegarriak dituela gizakion bizitzarako.
Azken hamarkada honetan, gure elkarteak udalei helarazi nahi izan die geure alboan dugun arrisku hori, eta gogorarazi die udal arduradunei 396/2006 Errege Dekretu Legea bete egin behar dutela amiantoa duen edozein etxebizitzatan zaharberritzeak edo erauzketak egiten direnean, hura betez segurtatu ahal izateko hartan ari diren langileen eta inguruko bizilagunen osasuna.
Halaber, jakinarazi genion Arartekoari Eusko Legebiltzarrak 2002ko maiatzaren 31ko osoko bilkuran Eusko Jaurlaritzari eskatu ziola lagun ziezaiela udalei amiantoa kentzeko lanketetan.
Udalen gutxiengo batek (Hernani eta Portugaletekoak dira horietako batzuk) soilik hartu ditu erabakiak amiantoa kentzeko lanei ekin ahal izateko, amiantoa duten eraikinen inbentarioa osatuz eta hura kentzeko lanak burutzeko gai diren enpresa espezializatuak izendatuz. Berriro egiten diegu dei udalei eta Eusko Jaurlaritzari ekin diezaioten lanari, utzikeriaren ondorioak, epe luzera, larriak izan daitezkeelako eta osasun publikoko arazo bat sor daitekeelako.
ZUZENDARIARI
Udalek ez diote aurre egiten amiantoaren arazoari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu