Urte batzuk igaro dira Udalbiltzaren aurkako jazarpen judiziala amaitu zenetik (absoluzioarekin, zorionez), eta Euskal Herri mailako erakunde publiko ofizial bakarraren ibilbide berria euskaldun askok ilusio handiz jarraitzen dugun arren, badago aurreko aroarekiko berreskuratu ez den eta faltan botatzen dudan zeregin bat: Euskal Naziotasun Agiriaren (EHNA) jaulkipena.
Hamaika testuingurutan herritarroi geure burua identifikatzeko eskatzen zaigu, izan administrazioekin izapideak egiterakoan, izan erosketak txartelez ordaintzerakoan, izan oraindik gehiegitan pairatzen ditugun errepide kontroletan. Egoera horietan guztietan, euskaldun sentitzen garenok, lotsaturik eta etsipenez, geurea ez dugun identitate nazional bat agertzen duen espainiar edota frantziar nortasun agiri bat erakutsi behar izaten dugu (estatu legerien derrigortasunez).
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak bere 15. artikuluan dio «Pertsona orok du naziotasun bat izateko eskubidea» eta «inori ezingo zaio bere naziotasuna kendu eta ezta hura aldatzea ukatu ere». Euskaldunontzat artikulu horrek, hizkuntza eskubideekin zein giza eskubideekin loturiko beste hainbat nazioarteko arauk bezala, balio legalik ez duela dirudi. Sinbolikoki, baina, nazioarteko zuzenbidearen nolabaiteko babesa legoke gure naziotasuna aitortzeko.
Hori guztia dela eta, eta duela hamabost bat urte jaulkitako hamarnaka mila EHNA agiriak iraungita daudela kontuan izanik (neurea bai, behintzat, nahiz eta erabiltzen jarraitzen dudan...), Udalbiltzari eskatu nahiko nioke agiri horiekberriz ere martxan jartzeko bideari ekin diezaiola, euskal herritarrok geure burua duintasunez identifikatzeko tresnabat izan dezagun berriz ere. Milaesker!
ZUZENDARIARI
Udalbiltzari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu