Egutegitik pasatu da hil bete udaberrian sartu ginenetik, eta bere adierazgarri batzuk beti bezala betetzen doaz: eguna luzatzen doa, zelaiak berdetzen, zuhaitzak hostotzen, eta zain geratzen gara eguraldi ona egin eta ea noiz ikusten ditugun bidaiari diren elaiak eta noiz entzungokukua bere hitz motel eta lotsatiarekin.
Ni Zaldibarren bizi naiz eta oraindik ez dut elai bat ere ikusi eta badira hiruzpalau urte baserriko etartean haien hutsunea nabaritzen dela. Gaur, apirilaren 22an, basora joan naiz, aspaldiko euri egunak tarte txiki bat utzi dute eta. Kukua entzuteko asmoa neukan; eguzkia laino artean lekua egin nahian ibili daeta egunak itxura ona ekarri du.
Basorantz jende asko bideratu da eta baso ertzetan kotxe asko ikusi izan da. Kukua ez da ibiltzen jendea dabilen inguruan; hori jakinda, basoan barrura sartu naiz eta, asko ibili ondoren, pare bat ku-ku entzun ditut. Beste ibilaldi bat egin eta gero, Otaburu deritzon toki batera heltzerakoan, eguzkia berotzen hasi da eta gelditu egin naiz, pentsatzen, ea kuku berriro jotzen duen. Orduan, niretzat izan balitz bezala jotzen hasi da eta hamar bat segundotako sinfonia eskaini dit. Pozik sentitu naiz.
Ea beste egun batean elai bidaiariak gure tartera okupa etortzen diren eta inguruko zelairen baten udaberriko zizaren bat aurkitzen dudan. Baina pozik nago, gaur behintzat kukua entzun dut.
Zuzendariari
Udaberria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu