ZUZENDARIARI

Txertotik garbi egoteko aukera

Bitor Abarzuza Fontellas.
2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Ondoko gogoetak helarazi nahi dizkiegu bai agintari publikoei bai herriari. Hartutako zenbait neurri egokitzat eta bidezkotzat jotzen baditugu ere, uste dugu COVID agiria deitutakoa gehiegizkoa, justifikaezina eta gure oinarrizko eskubideen kontrako urraketa dela. Osasun arloko hainbat legek arautzen duten bezala, pertsonok badugu erabakitzeko eskubidea gure gorputzari dagokionez, behar bezala informaturik egon ondoren, aukera eta tratamenduen artean hautatzekoa. Egungo neurriak gizartea bi bloketan sailkatu du, txertatuak eta txertatu gabeak, horietako multzo bati enpresa pribatu eta erakunde publikoen zerbitzuetara sartzea galaraziz, ustez, gainerakoak babesteko, kutsatzea ekiditeko; jakinik txertoak ez duela kutsatzetik babesten, ez immunizatzen.

Giza sailkapen honek ondorio sozial eta mediatikoak abiarazi ditu, osasunaz haratago doazenak, gobernuak sustatutako tratamendu farmazeutikoa libreki jaso nahi ez duten pertsonak baztertzera eraman nahi dituztelako edota gizartearen isolamendua ezartzeko deia zabaldu dutelako, bi multzo horiek kutsatzen ez dutenekin eta kutsatzen dutenekin identifikatuz.

Puntu horretan, neurri baztertzaile eta debekatzaile hori absurdoraino ailegatzen da, zeren soinketa egiteko kirolgune publikoetara sartzeko debekua ezarri dietelako, hain justu, txertotik garbi egoteko aukera hautatu duten pertsona horiei, neurri profilaktiko gisa bizitza garbia eta osasuntsua egunerokoan eraman nahi eta ezin izanen dutelarik. Hori dela eta, geure buruari galdetzen diogu ea aipatu neurria zigortzeko era bat ez ote den, gobernuak egindako tratamendu mota baten aldeko apustuari ez atxikitzeagatik.

Txertatzeko aukerari dagokionez gure ustea adierazi nahi dugu, zilegizkotzat, jakina, jotzen dugularik eta geuk aldarrikatzen dugun pazientearen autonomiari berari dagokiolarik, jende guztiaren intereseko eskubide osoa dena. Guk, aldiz, ez diogu inori galarazten inongo tokitara sartzea edota bere oinarrizko eskubideak erabiltzea tratamendu bat edo beste hautatzeagatik. Neurriak atzera eramaten gaitu historiaren une eta gune jakinetara; horietatik gizadiak zerbait ikasia zuela uste genuen. Ez gara akuriak edota esperimentazio animaliak, gizaki helduak gara, adimena, erabakimena eta eskubideak ditugunak. Egun urratzen ari diren eskubideak.

Agintari publikoei zuzendu nahi gatzaizkie, hartutako neurriak eragin dituen ondorioen jakitun izateko esperantzan, sortutako domino efektuaz jakin dezaten, zenbait komunikabidetan lintxamendua izateraino ailegatzen dena bai eta gure kontrako gaitzeste nabarmena, zenbaitetan ia gorroto-delitua izateraino; bai eta horrekin batera lehen zegoen gizarte barneko giro asaldatua areagotzea ekarri duelarik, familiartekoetan edo adiskideetan, lan eremuan, edota gizarte erakundeetan.

Hauek horrela, sortutako egoeraren gainean gogoeta egiteko eskatzen dugu, sosegaturik eta hauteskundeen aurreko kalkuluetatik at, uste baitugu neurri horrek ondorio soziofobiko okerragoetara eraman gaitzakeela. Galdetzen diogu geure buruari ea neurriak ez ote duen zerikusirik egun dagoen ideien eskasiarekin, izurriteari aurre egin beharko lioketenak; zeren, azkenik, ematen du COVID pasea presio modu bat baino ez dela, jende guztiak atxikimendua ager dezan gobernuak hautatutako tratamenduaren alde, debekuak eta murrizketak inposatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.