ZUZENDARIARI

Txapela buruan, espainola ahoan

Donostia
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Eta horrela gabiltza munduan!Aieteko Konferentziaren 10. urteurrenaren harira, Gatazken eraldaketa demokratikoa mahai-ingurua antolatu zuen Foro Sozialak Donostiako Kursaal jauregian. Hizlariak: Juan Jose Ibarretxe, Quim Torra, Amalur Alvarez eta Jordi Cuixart. Gidaria: Stephen Gethins, eskoziarra.

Esateko zutena entzuteko prest, lehen lerroan, atzerriko gonbidatuak eta euskal instituzioetako eta alderdietako ordezkariak. Horien atzean, gizarte zibileko jende mordoxka, dela gizarte mugimenduetako edo eragileetako kideak, edo gizabanakoak. Guztiok jakin-minez adi. Esango nuke, oker handirik gabe, %80tik gora euskaldunak ginela, sartu irteeretan eta aretoan bertan entzuten zen hizkuntzagatik.

Foro sozialeko kideen aurkezpen elebidun laburraren ondotik, gidariak ingelesez ekin zion mahai-ingurua eta hizlariak aurkezteari. Lau hizlariek ingelesez duten maila bikaina erakutsi zuten, eta hori oso ondo dago. Beharrezkoa gure munduan. Baina...

Txapela buruan agertu zen Ibarretxe; oholtzara igotzean erantzi zuen. Sarrerako sei-zortzi hitz egin zituen euskaraz. Gainontzekoa erdara/espainol garbian. Berak jakingo du zergatik. Baina eta hemen, euskaraz jakin arren... gogoratu Bitoriano Gandiagaren olerkia.

Hala aritu ziren Torra eta Cuixart ere. Kortesiazko euskarazko hitzen ondoren—katalanak dira, ez euskal herritarrak—, gaztelaniaz egin zuten. Zergatik? Gustura entzungo genituen euren hizkuntzan, katalanez mintzatzen. Seguru nago asko ginela euren hitzaldia katalanez ulertzeko gai ginen entzuleak. Eta bestela, zertarako ziren itzulpen zerbitzuko entzungailuak? Ulertzen ez zuenak aukeran zeukan euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez entzutea.

Amalur Alvarez izan zen euskaraz mintzatu zitzaiguna euskaldunoi, geure hizkuntzan. Eta honek ere, giroak eramanda (inposatuta?), erdaraz egin zuen une batzuetan. Azken hitzartzea euskaraz egingo zuela adierazi zuen; aldarrikapen edo baimen eske gisa egin zuen berak jakingo du.

Jordi Cuixartek adierazi zuen, une batean, politikariekin exijenteagoak izan behar dugula, estuago hartu behar ditugula gizarte zibiletik. Politikariekin, eta baita geure buruarekin ere, diot nik. Horrexek eraman nau gutun hau idaztera.

Txapela buruan eta ibili munduan dio esaera zaharrak. Ez du azalpenik behar. Txapelarekin edo gabe, hala ibiliko bagina munduan, eta Kursaal jauregian, bertakoek zein atzerritik etorritako gonbidatuek, askoz hobeto ulertuko lukete gure gatazken eraldaketa demokratikoaren beharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.