ZUZENDARIARI

Trinidad emakume izena da

Donostia.
2015eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Donostiako Trinitate Plazako frontoia estaltzeko ideien lehiaketa ireki izanaren harira, plazaren izaera eta erabileraren inguruko eztabaida berpiztu da. Gaurko edo iraganeko erabiltzaileak, plazari estimu berezia diotenak, hirigintzan adituak, bizilagunak... asko dira esateko zerbait dutenak. Ni neu plazako biztanle naiz; nire egunerokotasunaren parte da. Honatx egunerokotasun horretan (ekitaldi, kontzertu, deialdi ezberdinak alde batera utzita) ikusi dudana:

Futbolaren monolaborantza. Jakina denez, plaza futbola eta saskibaloira jolasteko moldatu zuten orain urte batzuk. Horren ondorioz, plazaren erabileraren zati handiena futbolak hartzen du.

Maskulinitate zabalduenaren eraikuntzan duen paperagatik, gizonezkoak erakartzen ditu batez ere kirol honek. Hortaz, mutil-gizonek bere egiten dute espazioa futbolaren bidez. Esertzeko bankuak, txirristak, lorategiak jartzeak herritar zehatzak erakartzen dituen bezala (adineko jendea, umeak, korrikalariak, adibidez), futbol-ateak jartzeak gizonezkoen monopolioa dakar. Eta ur horretatik jada nahikotxo edaten dugu.

Futbolak beste erabilera paraleloak oztopatzen ditu. Baloia dantzan dabilenetan, zarata eta baloikadak jasotzeko arriskua airean, zaila da jokaleku inguruetan lasai egotea. Jarduera inbasiboa da. Nekazaritzan landare-espezie bakarraren laborantzak sortzen duen bioaniztasunaren galera nola, futbolak hala egiten du espazio publikoarekin. Duen balore arkitektoniko eta kokapenarengatik, herritar guztien erabilerarako egokituta behar luke.

Zer gertatuko litzateke gizon-futbolaren monopoliorik gabe? Aniztasuna sortzen da: ogitartekoa janez eskaileretako eguzkipean berriketan dauden taldetxoak, libururen batean murgilduta dauden izaki bakartiak, gitarra jotzen ibili ohi den arlotea, eskailerak zirraraz igotzen dituzten umeak, txoko erdi-ezkutuan elkartzen diren maitaleak, turista matrail-gorriak... Bizitza.

Niri behintzat, eszena horretan gurutzatzen diren pertsonaien bilakaera interesatzen zait. Errealagoa eta justuagoa delako. Beraz, espazioaren jatorrizko izaera berreskuratzeko edo espazio anitz eta inklusiboa sustatzeko, futbol-ateak eta saskiak kentzea litzateke gune goxo, eder eta berezi honentzako esku-hartze egokiena. Tarteka antolatzen diren ekitaldiak ere izan daitezela aniztasun horren adierazle (herri-kiroletatik hasita). Hala, Trinidad izango da harri-jasotzaile entzutetsuaren izena, edo eskaileretan euskal poesia garaikidea irakurtzen dabilen ekuadortarrarena, edo ezkutuan emakumez janzten den eta lehen zigarroa probatzen dabilen mutil-koskorraren etorkizuneko izena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.