ZUZENDARIARI

Tortura salatuz

Zarautz.
2017ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Estatuak behin eta berriz ukatu du tortura, eta ukatzen jarraitzen du. Alegia, 1976ko apirilean Antiguako kuarteleko aroztegian bizi izan nuen zoritxarreko «amesgaiztoa», gezurra omen; torturak jasan ondoren, aroztegitik hurbil, eskuburdinez lotuta, guztiz etsita, entzun nituen Mikelen (anaia gaztea) oinaze-oihu eta desesperazio-garrasiak, gezurra; 1968ko abuztuan Andoni gure anaia zortzi egunez segidan torturatua izan ostean (ikus Itziarren semea abestia) Zarauzko kuartelean aitak eta biok, odol arrastoz zipriztinduta, giza itxurarik gabe ikusi, eta burmuinean iltzaturik geratu zitzaidan irudia ere gezurra!

Horrela bada, torturari dagokionez ukan dudan esperientzia honekin, niri, agintariek nahiz poliziek diotenaren kontra, atxilotuaren adierazpenak balio dit beti.

Zoritxar horren biktima izan garenoi bizi izan duguna kontatzea baizik ez dagokigu. Beraz, inork ezer frogatzekotan, guk ez, baina estatuak frogatu behar zuen tortura ez zuela baliatzen. Horretarako, aski zuen kuarteletako eta komisaldegietako ziegetan bideokamerak ezartzea. Ordea, ez zuen egin. Zergatik? Informazioa eskuratzeko sistematikoki tortura erabiltzen ari zelako. Bazterguztiak bideokameraz josita daude eta egon dira; aldiz, ezinbestekoak ziren tokietan, tortura zuloetan, «testiguak» falta!

Etengabe giza eskubideak urratuz jardun duela estatuak aitortzen ez duen bitartean, tortura pairatu dugunok (milaka lagun), isildu barik, gertatu zaiguna aldarrika dezagun ozen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.