Tolosako hiltegia egoera larrian dagoela eta astelehenetik greba mugagabean direla dioen albisteak barrenak nahastu dizkit.
Bagenekien norantz zihoan (hiltegia), norantz zoazten (harategi profesionalak), badakigu norantz goazen (baserritarrak) eta badakigu, jakin, kontsumitzaile kaletarrok norantz balantza egiten duzuen eta, beraz, norantz zoazten. Orain ez naiz igarlea banintz bezala aurkeztuko, ez horixe! Baserritar xume bat nauzue.
Aspalditik neukana gordea entzun behar didazue, ordea, gal ez dezadan kordea.
COVIDaren izurritea pasatu genuenean, asko omen genuen ikasi eta pertsona hobeak, etikoagoak (lehengaiekin eta klimarekin), arduratsuagoak... eta beste titulu ponpoxo aunitz jarri genizkion geure buruari.
Ene uste apalean, okerrera errebiratu gara, ordea, ordutik hona. Nola pentsamoldeetan hala ekintzetan. Diruak agintzen du hemen, gezurraren bidetik eta beldurraren mamuak bidelagun ditugularik. Iruzurra da nagusi, kapitalaren interesean pertsonak gutxietsi eta zapuztuz.
Egoera honen ardura guztiona da. Hiztegi eguneratu eta brillantearekin ezin da herrien subiranotasuna lortu. Herriaren egituran (elikaduratik osasuneraino eta hezkuntzatik kritiko izateraino) kate maila sendoak behar ditugu atal guztietan, eta, nola ez, gure baserrietatik eratorritako elikagaietan.
Agur baserria eta agur baserritarrak. Kalearen titere. Ordezkatzen gaituenik ez batere. Ez eta administrazioak ere.
Sindikatu, elkarte, kooperatiba eta abarrak, eztabaidarik gabe.
Udal, aldundi, Jaurlaritza eta beste, burokraziaren morroi eta inprobisatzaile bihurtuta. Ez dut atseden hartuko ezta lepoa bihurrituta.
Gure hizkuntza geure bizian txertatu eta iraunarazi duen baserritarra, etxekoei ez ezik herriari euskaraz osasuna helarazi dion baserria. Urtez urte kontraesanean galduta, baserriaren balioak popatik hartzera bidalita, ezinean, ixil-ixilik, langabezia zifretan azaltzen ez den baserritarra.
Denok bat eta orain, ez bagara kapazak, berriro ere jan beharko ditugu azak.
Nolanahi ere, inoiz ez da berandu. Mankomunitate, udal eta gainerako agindu emaileak, jarri babatxikia janda; baserriko gurdi zorrotz honen pertikako gurtedetik tira egiteko denon beharra izango da eta.
Tolosako hiltegi amankomunatua, aurrera eta indarberrituta atera dadin. Ziur, euskal biztanleriaren aurrerapausorako lehen alea izango dela.
Hainbat herri txikitatik etorriko diren abere mota guztien biltoki, gaurko eta biharko harategiei eta soka berean, langileri osoari osasuna ez ezik autonomia ere banatuko dion kate maila ezinbestekoa.
Aurrera Tolosako Hiltegi Amankomuna!