Ordulariaren taupadei jarraituz doa gure bizitza aurrera. Tik kasu egiten didazu, tak ez nauzu maite. Tik musu bat, tak negar malko bat. Tik pozik nago, tak agur esan behar. Tik zutaz oroitzen naiz, tak ez didazu hitz egiten. Nik tik, zuk tak. Zenbat tik behar ditugu tak bakoitzeko? Azkenaldian ez dakit ze bide den egokiago hartzea, ene burua ezjakinaren urakan baten begiaren erdigunean dagoela sentitzen dut: tokitik mugituz gero dena hankaz gora jarriko delako sentsazioa baitaukat, eraikitako guztia pikutara bidaliz.
Interesik ez adieraztea modan jarri dela dirudi, sare sozialen bitartez mezuak jarraian ez erantzutea, irakurrita uztea, arreta ez jartzea... Auskalo zerk egin gaituen horrela. Bihotzari diamantezko oskola jarri diogu, mina eragozteko ote da? Garrantzitsuak izatea irudikatu nahi dugu? Harremanen beldur ote gara?
Nor naizen eta nor izan nahi dudan eztabaidak indarra hartzen du. Non nagoen eta non egon nahi dudan. Zer egiten ari naizen eta zer egin nahi dudan. Nola? Zergatik? Noiz arte? eta abar bat galdegai gehiago burura datozkit une oro.
Auskalo noiz izango den azken aldia senideren bat agurtuko dudana, noiz izango diren lagun min batekin hitz egiten emango ditudan azken orduak, noiz izango den ene buruarekin bakean egongo naizen azken unea. Minutu bakoitza topera bizi behar dut. Bitartean, erlojuak aurrera jarrai dezan, tik eta tak. Tik-tak.
ZUZENDARIARI
Tik-tak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu