Hamabostean behin Donostiako Amara Zaharreko auzoan tertulia edo solasaldi atsegin bat izaten dugu. Pozik hurbiltzen gara geure topagunera. Easo kaleko Maritxu tabernan elkartzen gara dozena bat lagun, emakumeak eta gizonak. Adin bertsukoak. Bakoitza bere amaren eta aitaren seme-alabak.
Urtebete daramagu tortilla pintxo bat eta ardotxo bi lagun ditugula hizketaldi edo mintzaldi goxoan. Nadia izeneko emakumea da taberna kudeatzen duena eta baita agindu ere, ukrainar emakume ile hori bat, baina euskarazko oinarrizko esamoldeak jakin, ongi bezain ongi dakizki, ulertu eta erantzuten dizu.
Urtebete, bai. Gaiak guztion artean erabakitzen ditugu, gaien arduradunak era geure artean zozketatzen. Aurrekoan, gaur egungo euskal kirolei eman diegu buelta pare bat. Gaur egungo euskal kirolak antzinako lanetatik, beharretatik edota ofizioetatik datozkigulakoan gaude, beste batzuk agian aisialdiak izan dira beti. Apustuak barne. Gizonak eta emakumeak, gazteak eta ez hain gazteak. Hala nola: rabiosa, harri jasotzaileak, sokatira, txingak eta esne marmitak, harri zulaketa, lasto fardelak jasotzea, segalariak, estropadak, euskal barraren jaurtiketa, kukaña deritzana, lokotx botatzea, pertsona, idi, asto eta zaldiek harriak arrastatzea, ingude altxaerak, mendian korrika ibiltzea, pisuarekin (lehengo mugalariak eta kontrabandistak gogoan), pilota jokoa (hainbat modalitate barne), toka, igela, bola jokoa. Oilar, ahari eta txakur borrokak. Orga jokoa, trontza, aizkolariak, lasto altxatzea eta jaurtitzea.
Esan dezakegu, baiezta daiteke gaurko euskal kirolak bere garaian lanarekin loturiko jardunaldiak zirela. Historiaren pasarteak, kulturako hainbat alor eta esparru, mitologiak ugariak unibertsoaren sorrera(k), kuantikoa e.a. izan dira, oraingoz, geure solasaldi gaiak. Maritxu tabernan dagokion txarteltxoa jartzen dugu astelehenero ostegunekoa adierazteko. Espontaneoak ere agertzen zaizkigu. Kuriositatea. Gonbidatua zaude, irakurle estimatua. Ongi etorria zara, zazpi eta erdietan hasi, bederatzietan etxera. Tertuliak.