ZUZENDARIARI

Tafallak egoa gogora

2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Tafallako irudiek Biescaseko Las Nieves kanpinean 1996ko abuztuaren 7an bizi izandakoak ekarri dizkit gogora: 87 hildako, 183 zauritu. Bigarren multzoan, etxekook. Muturreko egoerak bizi izanda bada ere, bizirik jarraitzeko zoria izan genuen.

Hogei urtera egin ziguten Biescaseko eta Aragoiko autoritateek kaltetuoi omenaldia, hildako baten semeak alkateari hala eskatuta. Hark bezala, bagenuen guk ere aitorpenaren gabezia sentimendua. Joan ginen, eta ezarritako monolitoen inguruan bueltatxo bat eman. Autoritateak eta hedabideak etorri arte. Adierazpenaren ordua zen. Kamerak hartutako planoa garbia nahi zuten, kaltetu bakarrik ez: kameren atzera bidali gintuzten. Plano instituzionala aurrean: autoritateak, monolitoa lagun. Dozena bat kargudun, aurpegi serioz. Gorbata nagusi. Eurak protagonista. Ez zitzaidan detailea gustatu. Alkateak hitza hartu, eta ez zen ba monolitoen harriak dohaintzan eman zituen enpresa eskertzen hasi! Monolitoak bezain harrituta geratu nintzen. Hark egingo ote zuen Aras arroa kanalizatzeko obra, kanpinari leku egiteko? Baimena instituzioek eman zioten, eskura zuten txosten tekniko batean hidrologo batek kontrakoa gomendatzen bazuen ere. Instituzioak, baina, inor dira: hotzak. Beren eraikinetan babesten diren pertsonek erabakitzen dute. Geure eta kameren aurrean genituen haietako zenbait.

Ego handiusteak, kapitala lagun, gutxietsi egin zuen berde erromantiko batek profesionalki aztertutakoa. Gutxietsi egin zuen euri tanten itsasora heltzeko gogoa. Beren energia potentziala baliatuz, grabitate indarrari esker, milioika urtetan lur eta harkaitzen artean irekitako bideei jarraituz. Behin eta berriz. Horrela etorri ziren Biescasen, horrela Tafallan, uda giroko ekaitzen festan, beren bidean. Ezohiko indarrez bada ere, naturaren legeen arabera.

Badaukagu euskaldunok zer ikasirik uraren gogo eta bideetatik. Nola milioika tanta txikik bat egin duten, jatorrizko bideari, geure izaerak urratutakoari, zentzuz eta gogotsu ekiteko. Bai, basatia da ura. Albo kalteak uzten ditu. Sarri, ahulenei. Baina kalteen eragilea ez da ura, ez ekaitza; egoa baizik. Ura ez baita intentzio txarrekoa, ez da zitala. Hura, ego boteretsua, bai.

Biescaseko esperientziaz daukadan zauririk mingarriena, omenaldi horretakoa da. Ego boteretsuaren karitatea nola onartu genuen gogoratzea. Bizia eta osasuna kendu digutenek hiru harri eta 87 globorekin gure esker ona jaso zuten. Guk eman genien esker ona. Zenbat horrelako, gure euskal instituzioek ere, botere zapaltzaileari. Transferentzia bat gorabehera, gure gogoa presa sendoekin baretuz.

Besarkada bat herrikide tafallarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.