Duela aste pare bat amari heldu zitzaion, bi urtean behin iristen zaion bezala, bularreko minbizia saihesteko kanpainaren gutuna. Bi urtean behin joaten den bezala, mamografiak egitera joan beharko zuen.
Aurreneko mamografian itzal bat sumatu zioten eta froga gehiago egin behar izan zizkioten. Azkenean, polipo txiki bat izan zen, baina beldurra, beldurra izan zen. Beraz, nik berarekin joatea erabaki dut. Urduri xamar nabaritu dut gaur; urduri dagoenean ohikoa duenez, botaka jaiki da. Nik, garrantzi handirik eman gabe, nire bizitzarekin aurrera jarraitu dut. Zin egin nion bezala, lasaiago egon zedin, autoan hartu eta anbulatoriora eraman dut. Itxarongelan herriko beste emakume askorekin egin dugu topo. Itxarongelan nengoela ohartu naiz egoeraz, han zegoenaz, emakume horiek guztiek barrutik zeramaten horretaz. Nik amari azken egunetan sumatu nion urduritasuna, ezinegona, ez zen hori: ikara zen, beldurra, guztiz izututa zebilen.
Askorentzat bezala, ama nire bizitzako erreferente nagusietako bat da. Emakume gogorra da, beti hor egon dena, indarrez eta irribarrez, era guztietako arazoei —bereak eta nireak— aurre egiteko prest. Ama beti nitaz arduratu da, nitaz eta bere buruaz. Bere arazoak eta kezkak eduki arren, nire arazoez eta kezkez arduratzen zen. Gainera, berak barrutik zeraman guztia nabaritu ez nezan, esfortzu kolosala egiten zuen. Begirada atzera botaz, garai horretan, ama niretzat superheroia zen. Ez dakit noiz izan zen, baina uste dut pixkanaka-pixkanaka joan zela desegiten figura hura, nerabezaroak bere atzamarrak luzatu eta nire pertsona bereganatu ahala. Hori guztia gertatu arren, amak tinko eusten jarraitu izan dio bere izaerari. Emakume gogorraren itxurari. Miguel Bosek esaten zuen mutilek ez dutela negar egiten, baina guztiz erraturik zegoen: negar egiten ez dutenak amak dira.
Esan dezaket ama behin bakarrik ikusi dudala lur jota, hilabete eta erdiz egon zenean aittitte zaintzen, hil zen arte. Gogorregia izan behar izan zen amarentzat; oraindik haren begiak distiratsu ikusten baititut gaia ateratzen den bakoitzean. Aita bere besoetan hil zen; bere zaintzailearen hitzetan, gaua oso txarto igaro zuen, eta hilzorian zegoen, baina haren zain egon zen, bakean joan ahal izateko. Hori guztia gertatu ostean, etxera bueltatu zen eta tinko-tinko besarkatu ninduen, negarrez lehertu baino lehen.
Itxarongelan nengoen, amaren izena noiz entzungo. Oso urduri zegoen, oso beldurtuta. Itxarongelako beste emakumeei begiratu nien: amak, alabak, amonak, arrebak, ahizpak. Hori zen emakumeen mundu sekretua, haien sentimenduak ikusi zitezkeen lekua, seguruenik eutsi ezin ziotelako jada sentimendu horri. Ama lasaitzen saiatu nintzen, hitz goxoak esanez, dena ondo aterako zela esanez, baina seguru nago berak hori guztia esana ziola bere buruari. Eta, ama denez, nire urduritasuna nabaritu eta ni lasaitzen hasi zen. Amaren lana egiten, bere mundua alboratuta, niregana jotzen. Une hartan, medikua agertu zen, amaren izena esan eta biak barrura sartu ziren. Eta ni han geratu nintzen, ahoan zapore gazi-gozoa nuela, nire ama lasaitzen egindako ahaleginak lurrean botata nituela. Itxarongelan eserita ikusi nuen nire burua, zer egin ez jakinda.
Hamar minuturen ostean, ama atera zen eta handik joan ginen. Ez nuke esango joatea zenik, ospa egitea baizik, baina anbulatoriotik atera ginen. Ama kexatzen zen, titietan mina egin ziotela; eta ni, bizi izan nuen —edo, hobeto esanda, pentsatu izan nuen— bola horri guztiari bueltaka. Nola, gurekin bizitza osoa eman duten pertsonak, gugatik bizia emango luketenak, une gogor horietan bakarrik egoten diren. Ez pentsa ni salbuespena naizenik, hara joan naiz hitzordua bat zetorrelako nire ordutegiarekin. Baina hemendik aurrera beti joango naiz amarekin. Eta bultzatzen zaituztet gauza bera egitera. Amari nola dagoen galdetzera bultzatzen zaituztet. Amak nahi ezta ere, bere mundua —zu erdigunean zaudena— pixka bat gehiago ezagutzera bultzatzen zaituztet.
Eta hemendik, eutsi gogor. Guztia ondo aterako da, frogak ondo aterako dira, ebakuntza ondo aterako da, eta... ama, maite zaitut.