Gure umetako Bugs Bunny, Tom eta Jerry, Vicky bikingoa eta Yoggi euskaldun bihurtu zizkigun. Eta dragoi bola bila ipini, inguruko erdaldunek usaina ere hartu aurretik. Dallasko gaiztorik zitalenak zer-nori-norka jarri zizkigun. Detektibe istorioek euskaraz ez zutela xarmarik galtzen ikusarazi zigun, Magnum lotsabakoari esker. Hori dena eta gehiago egin du euskal bikoizketak: mundu zabaleko milaka espezie bizidun izendatu ditu, zientzia eta teknologia arloak jorratu, era guztietako kirolen berri eman, arteaz eta historiaz aritu da...
Dela dokumentaletan, dela fikziozko lanetan, euskarazko bikoizketak lan eskerga (eta kasu askotan eskerbakoa) egin du mundu zabala geureganatzeko. Arian-arian, arlo honetan diharduten itzultzaile, egokitzaile eta bikoizleen lanak aurrerapauso sendoak egin ditu, eta erakutsi digu gustuko produktua gustuz bikoiztuta gustura ikusten dela.
Ez da jende guztia iritzi horretakoa, badakigu. Zalantzabakoa da, ordea, euskarazko bikoizketak funtsezko zeregina duela gure unibertsoan bestela heldu ezineko hutsuneak betetzen. Jarraitu ahal izango du, baina? Euskarazko bikoiztetxeak larri dabiltza. Sortu zirenetik, ETB izan dute bezero nagusia. Baina badirudi zutabe horrek ez diela gehiago eutsi behar. Krisia dela edo programatzaileen irizpideak direla, lanez urri dabiltza. Larri. Urte asko behar izan dira euskal bikoizketaren sarea ehuntzeko. Ez dadila artazi kolpe batez betiko deseginda gelditu.
Zuzendariari
SOS euskarazko bikoizketa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu