Duela egun batzuk, ekainaren 14an, Skolae programa diseinatzen parte hartu duten 5 pertsona (berdintasunean eta hezkuntzan adituak) eta programaren trebakuntzan tutore izandako beste 5 pertsona deklaratzera deituak izan ziren, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan irekitako prozesu judizialean, San Cernin ikastetxeko guraso talde batek eta Concapa elkarteak demanda bana jarri baitzuten.
Egoera honen aurrean, Magisteritza Graduetako eta Bigarren Hezkuntzako Irakasle Masterreko irakaskuntzan partaide eta hezkuntzaren hainbat arlotako aditu eta ikertzaile garen aldetik, gure babesa adierazi nahi diogu Skolae hezkidetza programari. Programa honek giza eta gizarte zientzien esparruan bideratutako hainbat eta hainbat ikerketaren emaitzak ditu oinarri, eta ospe handiko adituek garatua da. Eskola ezagutza eskuragarri izatea eta aukera berdintasuna bermatu behar dituen instituzioa izan behar duelako ideiari eusten dio, betiere haurren hezkuntzan familiek duten garrantzia ahantzi gabe, eta guk ere bat egiten dugu ideia horrekin.
Gizarte berdinzale baterantz aurrera egin nahi badugu, ezinbesteko tresna da hezkuntza, hari esker lortuko baita pertsonei, diren bezalakoak izanik, begirunea erakustea eta emakumezko eta gizonezko oro osotasunean garatu ahal izatea.
Halaber, gure kezka adierazi nahi dugu, gure kideen lana epaitzeko bidean baitago. Izan ere, programa hau bide-erakuslea da, zehaztasun handiz gainera, eta gizarte bidezkoago baten aldeko konpromiso argia du. Programak aintzatetsia izan da hainbat foro akademikotan, eta Unesco erakundeak neska eta emakumeen hezkuntza sarirako hautatu du.
Azkenik, hemendik aurrera ere Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasle izango diren eta gure ikasleria den hau hezteko konpromisoa hartzen dugu, ikastetxeetan ezagutza, askatasuna eta erabakitzeko gaitasuna landu dezaten, genero-baldintzatzailerik gabe, berdintasunik ezak identifikatzen ikasiz, haien kontra borroka eginez eta berdintasun eskubidea gauzatuz. Eskola, indarkeriarik gabeko eta berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko bidea ematen duen gune izan dadin jarraituko dugu lanean.
ZUZENDARIARI
Skolae
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu