Justizia Espainian funtsezko printzipio baten inguruan antolatzen da: independentzia judiziala. Hori bermatzeko, botere judizialaren gobernu-organo goren bat dago, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (CGPJ). Erakunde horrek epaile eta magistratuen karrera administratzen du, eta igoerak, lekualdatzeak eta funtsezko izendapenak erabakitzen ditu, hala nola Auzitegi Gorenekoak.
Arazoa hurrengoa da: osatzen duten hogei kideak alderdi politikoek aukeratzen dituztela Kongresuan eta Senatuan, eta horrek sistema judiziala independentea ez izatea eragiten duela.
Horrek Espainiako justizia politikarien menpe egotea dakar, eta ondorio larriak ekarri izan ditu. Guztiok dugu gogoan La Manada kasua: 2016ko sanferminetan bost gizonek 18 urteko neska bat bortxatu zuten, eta auzitegiak hasieran sexu-abusutzat jo zuen, bortxaketatzat jo beharrean. Horrek 2022an lege aldaketa bat ekarriko zuen, sexu abusuaren eta sexu erasoaren arteko bereizketa ezabatzeko eta biktimak babesteko (baietz bakarrik da baietz). Baina, tamalez, azken egunotan Espainiako Justiziaren gabeziak agerian geratu dira beste behin, Dani Alves futbolari ospetsuaren sententziarekin.
Dena den, arazoa ez da legeena bakarrik, gizarte arazo bat baizik. Eskumako eta ultraeskumako alderdiek feminismoaren eta emakumeen eskubideen aurka egiten dute behin eta berriz, eta diskurtso matxistak oso hedatuta daude gure gizartean. Espainiar Estatuko Justizia haien eskuetan dagoen bitartean, horrelako kasuak errepikatu egingo dira tamalez.
Justizia ez da babesleku, lubaki baizik.