ZUZENDARIARI

Sinadura bilketaren amaiera

Ipar Haizea Errausketaren Aurkako Mugimendua.
2018ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Maiatzaren 17a birziklatzearen nazioarteko eguna da. Errausketaren aurkako mugimenduak egun hori aukeratu du sinadura bilketari amaiera emateko. Sinadura bilketan erraustegiaren inguruko eztabaida teknikoa egitea eskatzen da telebista publikoan. Erraustegiaren proiektuak 15 urte baino gehiago daramatza zeresana sortzen. Izan ere, erraustegiak dagoeneko dauden lekuetatik iristen diren albisteak kezka handiagotu besterik ez dute egin. Azken ikerketa batek piztu du alarma bereziki; CSIC-eko bi ikerlari ospetsuk, Eduard Rodriguez Farré eta Fernando Palaciosek, erraustegiaren ingurumen baimen bateratua aztertu dute, eta ikusi dute bertan onartzen dela 12 toxiko larri kontrolik gabe isurtzea. Zubietaz gain, Usurbil, Lasarte-Oria, Hernani, Urnieta eta Andoain daude 5km-ko eremuan. Dagoeneko gutxi ez, eta nahiko kezkagarriak ez balira Montpelier, Pisa, Marseilla, Bartzelona, Madril edota Anbereseko gertakarien berriak, ikerlari hauek plazaratutakoak alerta gorria piztu du.

Azaroan jakin genuen Biodonosti eskutitzak bidaltzen ari zela herritarrei osasun probak egin eta datuak jasotzeko, ondoren erraustegia martxan jarri eta gero konparatzeko. Orduan salatu genuen dagoeneko horrelako azterketak eginda zeudela eta ez zela beharrezkoa berriro egin eta horretarako 450.000 euro xahutzea. Desobedientzia kanpaina abiatu genuen hauxe bera bertako arduradunei salatzeko eta telefono elkarrizketa horietako batetik atera zen eztabaida egiteko aukera. Hango arduradun batek aitortu zuen bera prest zegoela adituen arteko eztabaida tekniko bat edukitzeko eta guk enbidoa hartu eta sinadura bilketa abiatu genuen hori gauzatu zedin.

Gure etorkizuna, batez ere etxeko txikiena, landa eremuak, inguruko ibai zein errekak, asko dago jokoan, eta ez duguna ulertzen da nola hartu nahi dituzten horrelako arriskuak gaur egun ezagunak diren alternatiba merkeago baina batez ere osasuntsuagoak daudenean, ikusi Nafarroan, Valentzian, Asturiasen, Extremaduran... Ostegunean Miramonen izango gara Gizarteari zor zaion eztabaida aldarrikatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.